XIX. mende hasierako emakumeen bertsoak aurkitu dituzte artxiboan

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 2a, 15:56

Salaketa bateko dokumentazioan daude Asteasuko lau emakumeren bertsoa 

Asteasuko artxiboan 1816. urte inguruko Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, aitak lagunduta, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurka jarritako salaketaren dokumentazioa aurkitu berri dute. Aferak duen berezitasuna da irainen berri bertsotan eman zutela. «Garai hartan bertsoa zen komunikatzeko
modurik arruntena, gaur egungo whatsapparen alderatu daiteke. Emakumeek, noski, bertso horien sorreratan hartzen zuten parte. Iraintzeko edo berriak kontatzeko bertsoa erabiltzen zen», azaldu du Ereiteneko Amagoia Piak, hain zuzen astean behin artxiboa txukuntzera joaten den artxibozainak. Piak Iago Irixoaren laguntza izan du lana egiteko.


Zabalkunderako erreminta
Bertsoen bidez, hortaz, auzia zabaltzeko bidea aurkitu zuten asteasuarrek. Bertsoek «publizitate handia zekarren eta honela, abesten zena oso azkar hedatu zitekeen», esan du Piak, hedabide bikaina zela bertsoa, finean. «Zer esanik ez garai hartan irakurtzen zein idazten ez zekitenen kopurua oso handia zela hartzen bada kontuan», gaineratu du.


Dokumentuak hau ere jasotzen du, hau da, salaketa bertsotan egitean zabalkunde handiagoa izango zuela: «... se agrava la maldad al considerar que la afrenta se ha executado de la manera que recibe una publicidad escandalosa, y difícil de contener su pernicioso vuelo, porque la juventud que en todos los paises y no menos en esta provincia se entrega a tomar los versos de memoria para contarlos, se olvida con dificultad de ellos por el frecuente uso que hace de ellos... », dio dokumentuak.


Lau emakume, bost bertso
Lekukotzen arabera bertsoak Teresa Antonia Beobideoa, Concepcion Irazuztakoa, Maria Magdalena Lertxundikoa, eta Maria Antonia Etxeberriakoa asteasuarrenak dira.
Bost bertso egin zituzten, eta XIX. mende hasierako auzi bat denez, emakume guztiak XVIII. mendearen azken laurdenean jaiotakoak direla ondorioztatu daiteke.


Orain arte Xenpelar artxibategian ikusi daitekeenez, Asteasuko Sabina, Joxepa Iñaxi eta Mikaela Elizegiren bertsoen berri zuten, 1842, 1864 eta 1869. urteetan jaiotakoak, hurrenez hurren. Baina orain, bizpahiru belaunaldi lehenagoko bertsolari emakumeen bertsoak ere plazaratu dituzte. «Garai hartako euskarazko testuak ez dira oso ohikoak, horregatik da bitxia. Asteasun, hala ere, euskarazko testu dezente aurkitu ditugu», esan du Piak.

 

 

BERTSOAK

Versua paratzeko bada motivoa

Juan Bautista Mañaciren ondora dijoa

Gorocenetaco(1) gaztañac itz eguiten balequi,

cer pasatu dan ongui esango luque nosqui.

 

Zaldunieta gaubian(2),

yllaren ogueita bostian(3),

contentuago ciran

Gorozeneta gañian,

Juan Batista aurrian da

Mañaci atzian.

Etziran seguru ere

oz beren eltzian(4).

 

Juan Batista Olazagaco,

mutil prudentia,

eztezu gaizqui consolatu

caleco jendia.

Basuan egoten da

ipiñita eultza(5),

ez dezu gaizki jorratu

Lizolaco beltza.

 

Juan Batista cenduanian(6)

Mañaci billatu,

Caravelaco aurrian

cenduan asiñatu:

“Zaldunieta gaubian(7)

diberti gaitian(8),

guacen Gorotzenetara

istante(9) batian”.



Baratzan eder baitu

Ydarrac(10) lorea(11),

ez daucazue salduric

Lizolaco belia(12).

 

 Oharrak


(1) Bigarren bertsioan: “Gorotzenetaco”. Gaur egun, toponimoa Errezil eta Alegin mantentzen da. Hiru baserri daude izen horrekin (Gorotzene, Gorotzenea eta Gorotzenea Goikoa).

(2) Iñauterietako igandea: “Zaldun-igande”, “zaldun inaute” adierez ere ezaguna.

(3) Lehenengo bertsioan, zati hau ere bertsoaren lehenengo ilaran doa.

(4) Lehenengo bertsioan: “elcian”.

(5) Lehenengo bertsioan: “eulza”. Orotariko Euskal Hiztegiak “eultzadi” eta “eultzar” adierak biltzen ditu. Eultzadi erlategiren sinonimo bezala dute (Larramendik “eultzadi” hitzari “colmenar” esanahia ematen dio). “Eultzar”, aldiz, “eulitzar”-ren sinonimo moduan.

(6) Lehenengo bertsioan: “cinduanian”.

(7) Bigarren bertsioan: “gabian”.

(8) Lehenengo bertsioan: “gaican”.

(9) Bigarren bertsioan: “instante”.

(10) Idar = ilar. Orotariko Euskal Hiztegian, “ilar” hitza ere “gezur” hitzaren sinonimotzat ematen da.

(11) Bigarren bertsioan: “borea”.

(12) “Belea”-gatik, ziurrenik. Bi bertsioetan, hirugarren bertsoan “beltza” irakurtzen da, eta horrek esanahi zuzena du “belea”-rekin. Testuinguru honetan esanahi negatiboa duela antzeman daiteke: tristea, zorigaiztokoa… Ziurrenik Mañaziri aipamena egingo lioke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!