Errefusa kopurua jaitsi nahi du Asteasuko Udalak

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 13a, 17:08
Organikoa herrian kudeatu ahal izateko etxolak jarri zituzten iaz

Aurreko hilean Spora enpresak errefusaren edukiontzietan botatzen dutena aztertu zuen, eta emaitzak ez dira onak izan.

Asteasuko Udalak hondakinak biltzeko sistema aldatu zuen iaz eta sistema mistoa jarri ; hau da organikoa herrian kudeatzen dute konpostaren bidez, eta beste frakzioak –ontzi arinak, papera eta errefusa– edukiontzi bidez biltzen dituzte. Spora enpresak errefusaren edukiontzietan botatzen dutena aztertu du eta emaitzak ez dira onak izan.

Asteasuar askok errefusaren edukiontzietan bota behar ez dena botatzen dutela ikusi zuten Sporakoek. Aurkitutakoaren %37a sukaldeko gaiak izan dira, %18a errefusa eta %10a ontzi arinak. Emaitzak ikusita Asteasuko Udalak esan du ondo birziklatzea dela herritar guztien ardura, eta errefusa kopurua jaistea lortzen ez bada, zaborren ordainketa kostua igoko dela. Hori dela eta, neurri batzuk hartu beharko ditu udalak epe laburrean. Batetik, herrigunean errefusaren ontzi berdeei sarrerako zuloa txikituko diete, bestetik, landa gunean nola birziklatu behar den azaltzeko pertsona bat joango da etxez etxe, eta errefusa ontziak giltzatuko dituzte, eta azkenik, merkatariengana zein jarduera bereziko guneetara hondakinen kudeaketa egokia nola egin erakusteko pertsona bat joango da.


Udalak herritarrei ondo birziklatzeko deia egin die jarritako sistemak emaitza onak emateko, «lortzen ez badugu beste sistema eraginkorrago bat bilatu beharko dugu», esan du. Udalak bilera irekia egingo du gaur 19:30ean, udaletxean, herritarrekin ekarpenak jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!