Bernardo Atxaga: "Munduan toki bakana da Asteasu, partikularra"

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 25a, 14:32

Bi kilometro inguru, zazpi panel eta Bernardo Atxagak Asteasuko tokiei lotutako irakurketa poetikoa biltzen ditu Muskerraren Bideak. Donostia 2016 eta Asteasuko Udalaren arteko elkarlanetik sortu da egitasmoa eta herritarrei aurkezteko larunbatean Muskerraren Eguna egingo dute

Ostiralean hasiko dira ekimenak. 16:00etan bederatzi urteko haurren argazkia aterako da eliz atariko harmailetan. Ondoren udaletxeko ganbaran sormen tailerra egingo dute. 17:00etan Muskerraren Bidetik paseoa izango da Atxagarekin batera eta abesbatzak emanaldia eskainiko du elizan. 18:30tik aurrera, gaztain jatea izango da plazan, trikitilariek girotuta.

Larunbatean, goizeko 11.00etan Asteasura ongi etorria emango zaie bisitariei eta salda beroa izango da herriko tabernetan. Eguerdian hasiko da paseoa Muskerraren Bidetik. Eliz atariko harmailetan duela 57 urte ateratako argazkia erreproduzituko dute. Arratsaldez, Bernardo Atxagaren hitzaldia izango da udaletxean, 17:00etan hasita eta ondoren, Mirari Irurzunen eta Joxan Goikoetxearen musika saioa izango da udaletxean. Bukatzeko 18:30ean Errebal taldearen saioa izango da Usarrabi kiroldegian.

Obaba literarioa eta Asteasuko  herria bateratuko dituen proiektua da Muskerraren bidea. Bernardo Atxagaren narrazio ezagunetako zenbait toki zehaztugabe horretan gertatzen dira. Asteasutik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da orain aurkeztu dena. Obaba lurraldeari lotutako kultur gaiak eta bertako pertsonaiei buruzko azalpenak jaso dira ibilbidean zehar jarritako zazpi paneletan. Gainera, QR kodearen bitartez, Atxagaren ahotsean entzun ahal izango dira geralekuetako argibideak.

Ibilbidearekin batera, Muskerraren bidea (Pamiela) gida literarioa argitaratu du Bernardo Atxagak eta Durangoko euskal disko eta liburu azokan izango da salgai.

Donostia 2016k bat egin du tokiko kultur egitasmo honekin, Elkarrizketak lerroaren baitan. Alegia eta Xabier Paya kultur koordinatzaileak azaldu duenez, "tokiko eragileekin aliantzak sortu eta kultur hiriburuaren balioekin bat datozen proiektuak garatzeko programazio lerroarekin bat dator Muskerraren Bidea". Asteasuko idazlearen literatur lana eta mundu sinbolikoa publiko orokorrari zabaldu nahi izan diote Donostia 2016 ekimenaren bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!