Eskualdean pasako dute astea munduko inprobisatzaileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 13a, 17:42
Gaur goizean Donostian topaketak aurkezteko prentsaurrekoa. Iturria: XDZ

Gaur aurkeztu duten Europa bat-batean topaketan parte hartuko dute. Mintzola Ahozko Lantegia, Donostia 2016rekin eta EHUko Uda Ikastaroekin aritu da lankidetzan ekimena antolatzeko. Egunotan Euskal Herri osoan egingo diren girotze-saioetan ariko dira inprobisatzaileak bertako bertsolariekin batera.

Kurdistango –dengbejak–, Sardiniako –cantadoriak– eta Herrialde Katalanetako –glosadoreak– inprobisatzaileek girotze saioak eskainiko dituzte Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion eta, bien bitartean, ostatu hartuko dute gure eskualdean, Asteasun.

Iazko udazkenean Bartzelonan eta Leonen egin ziren jardunaldiei segida emateko antolatu dituzte girotze-saioak apirilaren 16tik 23ra.

Europa bat batean osatzeko, uztailean gauzatuko da Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa Donostian. Goizetan jardunaldi akademikoak eskainiko dira EHUko Uda Ikastaroen baitan, Miramar Jauregian, eta arratsaldetan saioak Donostiako hainbat lekutan. Duela 13 urte, 2003an, Bertsozale Elkarteak antolatutako Ahozko Inprobisazioa Munduan ekimenari jarraipena emango dio, beraz, Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketak. Orduko hartan, mundu osoko kantu inprobisatuen hamaika ordezkaritza batu ziren eta denak bildu ziren amaieran egin zen Euskalduna Jauregiko emanaldian.

Udako jardunaldi akademikoetan izena emateko aukera zabalik dago, jada, www.uik.eus atarian. Bestalde, Europa bat-batean topaketaren inguruko informazio gehiago aurki daiteke: www.europabatbatean.eus eta www.mintzola.eus webguneetan.

Girotze saioak, apirilaren 16tik 23ra

Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion izango dira datozen hitzorduak. Azken hiru saioetan, Iker Iriarte alegiarra ariko da gaiak ematen. Ekimena borondatezko zein soldatapeko kideez osatutako ehun bat laguneko lan taldeari esker gauzatuko da eta, besteak beste, tokian tokiko eragile eta bertso-eskolen laguntza ezinbestekoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!