Ahozko inprobisatzaileak, gurean

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 26a, 13:16

Europa bat-batean ekimenaren barruan saioak eskaini dituzte Euskal Herriko herri ezberdinetan Kurdistango, Sardiniako eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileek. Asteasuko Zumargainen hartu dute ostatu.

Krisi garaia bizi izan zuen Bertsozale Elkarteak 90ko hamarkada erdialdera. Ataka horretatik ateratzeko hainbat erabaki hartu zituzten eta horietako bat izan zen bertsogintzaren kultur proiektuarekin nazioartera ateratzea. Zizurkilgo Koldo Tapia, garai hartan elkarteko idazkari zenaren ustez hor kokatzen da ahozko inprobisazioaren inguruko lanketaren abiapuntua: "Ez genuen inongo kontakturik. Telefono lista hartu eta unibertsitateetara deika hasi ginen, ahozko inprobisazioaren inguruan zein informazio zuten jakiteko". Balear eta Kanariar irletako jendearekin egin zuten lehen harremana, handik Hego Amerikarako bidea zabaldu zieten eta bueltan Galiziara etorri ziren.

Beste hainbat herrialdeetan antolatutako jardunaldietan jende asko ezagutzeko aukera izan zuten eta tartean topo egin zuten John Foley zenarekin, Missouriko Unibertsitateko ahozkotasun departamenduko buruarekin. Tapiak gogoratzen duenez, "pixkanakako ikasketa prozesua izan zen eta munduaren zilborra ginela pentsatzetik, munduak zilbor gehiago ere bazituela konstatatzera pasa ginen". Prozesuaren emaitza izan zen 2003an antolatu zen Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa.

Ordutik gaurdaino Bertsozale Elkarteak mantendu du harremana munduko inprobisatzaileekin eta Aritz Zerain, egungo elkarteko koordinatzaileak azaldu du bilakaera hori: "Azken urteotan egokitzapenak egin ditugu elkartean, eta besteak beste, Mintzola Ahozko Lantegia sortu da. Ikerkuntzaren alorrean ekarpena egin dezakegula uste dugu eta geu izan gaitezkeela motorra". 2005ean ahozko inprobisazioaren inguruko ezagutza biltzeko datu base bat osatzeko akordioa sinatu zen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak jardun du hori elikatzen. Tapiaren ustez, "ezagutzak ordenatua behar du eta aktiboa, uneoro bakoitza zertan ari den jakiteko".

Ahozko inprobisazio kantatua zertan dagoen jakiteko mapa bat osatzen ari da Mintzola eta uztailean ospatuko den Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketan aurkeztuko dute. "Xenpelarren, dagoeneko, 100 adierazpide diferenteren inguruko informazioa bildu da eta jardunaldietan sortuko diren harreman sare hauetatik elikatu nahi dugu aurrerantzean. Ez da bukaera bat bezala aurkezteko, aurrera begirako tresna baizik", dio Zerainek.

Europa bat-batean

Nazioarteko Topaketak, Europa bat-batean ekimen zabalagoaren baitan ospatuko dira. "Aurten Donostia Europako kultur hiriburu izendatu dutela probestuz, bertako ahozko inprobisazio kantatuan jarriko dugu arreta". Donostia 2016 eta EHUko Udako ikastaroekin batera antolatu du ekimena Mintzola Ahozko Lantegiak. Udako topaketaren aurretik, ordea, girotze saioak egin dituzte Euskal Herriko herrialde ezberdinetan. Kurdistango, Sardiniako eta Herrialde Katalanetako ahozko inprobisatzaileak gonbidatu zituzten saio horietara eta oinarrizko kanpamentu bezala izan zuten Asteasuko Elizmendi auzoko Zumargain etxea.

Ferriol Macip katalana gustura agertu zen gonbidapenarekin. "Beti etortzen naiz gustura Euskal Herrira. Hau da jarraitu beharreko bidea. Antolaketari begiratuta, bertsolaritza instituzio bat da. Guretzako hona etortzea, inprobisazioaren Vatikanora etortzea da". Bertsozale Elkartearen laguntza eskertu du Herrialde Katalanetako glosadoreak.

Tapiak ikerketa metodo orokor bat bilatu beharraz hitz egin du, adierazpide ezberdinetarako balioko duena: "Ezin gara erkaketa formalean geratu. Esperientzia bakoitzak bere komunitatean funtzionatzen du. Kode nagusiak aztertu behar ditugu zein bilakaera izan dezaketen aztertzeko. Metodologia bat eskaintzea da Euskal Herritik egin dezakegun ekarpena". Komunikatzeko kode horiek ezberdinak direla agerian geratu da egunotako saioetan. "Batzuk festako testuinguruan egiten dute inprobisazioa eta beste zenbait herrialdetan negar kantuak dira", dio Zerainek. Hain justu, egoera horiek azpimarratu ditu Zinar Ala kurduak: "henna zeremonietan, ezkontzetan eta hiletetan egiten ditugu kantuak. Ezkontzetan, urrez aurre jarrita seme edo alabaren alabantza egiten dute familiek eta badute desafioa itxura".

Sardinian ere egiten dituzte poesia inprobisatuaren inguruko lehiaketak. Paola Dentonik azpimarratu duenez, "herriko festak gutxitzen joan ahala bakantzen joan dira norgehiagokak. Gazte batzuk hasi dira inprobisatzen baina gutxi gara eta askotan ez gara elkarrekin ondo moldatzen". Euskal Herrian bertsogintzaren inguruan dagoen batasuna azpimarratu du Dentonik. Zerainek aipatu duenez, herrialde batzuetan transmisioa etenda dago, "sortzaileek altxor modura dutelako inprobisazioa eta ez dietelako hurrengo belaunaldiei erakusten".

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideen ustez espektakuluaren bidetik aldendu eta esperientzia trukaketetan arreta jarri behar da aurrerantzean. "Esperientzia formalak bai, jarri daitezke beste herrialdeetako inprobisatzaileak hemengoekin oholtza berean kantuan, baina trukatu ditzakegu antolakuntza mailako edo era guztietako bestelako esperientziak ere", aipatu du Tapiak.

Girotze saioak antolatzerako orduan lan profesionala eta borondatezkoa uztartu dituzte Bertsozale Elkartekoek eta Zerainek esan duenez, "komunikatiboki, tentazioa izaten dugu saioak gure moldera egokitzeko. Saiakera egin behar dugu beste esperientzia horietara gerturatzeko". Aberasgarriak izan dira egunotako saioak eta Alak esan duenez, "inbidia handia sentitzen dut ikusita hemen jendeak nola egiten duen barre bertsolariekin eta sumatzen dut hunkitu egiten direla beste zenbait momentutan. Euskara ikasi nahi nuke, nik ere haiek bezala disfrutatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!