Nekane Txapartegi bisitatu ahal izan dute senideek

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 2a, 12:45

Ostiralean senideek ordubeteko bisita ahal izan zuten Txapartegirekin eta Suitzan Nekaneren alde sortu den elkartasun taldearekin harremana izan dute.

Nekane Txapartegiren senideek ostiral goizean bisitatu ahal izan zuten Zuricheko kartzelan. Ondo ikusi dute asteasuarra, "animatuta eta indartsu" adierazi dutenez. "Egoera gogorra den arren ondo eta zentratuta ikusi dugu. Zalantzarik gabe gogorrena alaba eta bien arteko banaketa izan da". Ordubeteko bisita izan zuten ostiralean eta gogoz dira senideak berriz ere itzultzeko. 

Alaba eskolara eraman ondoren patioan bertan atxilotu zutela konfirmatu zien Nekanek anaiei eta handik ordu gutxitara aireportura eraman eta zuzenean estraditatzen saiatu zirela. Procedimiento simple izeneko bat sinarazi nahi izan zioten, baina abokatuaren presentziarik gabe ez zuela egingo esan zien, eta ondorioz, Zuricheko komisariari eraman zuten.

Aurretik ere jakinarazi izan dutenez, Zuricheko kartzelako baldintzak gogorrak dira. 23 ordu zelda barruan pasa eta ordubetez bakarrik izaten dute patioan ibiltzeko aukera –13:30tik 14:30ra astegunez eta asteburuetan 08:30tik 09:30ra–. Txapartegiren senideek jakinarazi duenez, "baldintza horiek ez dira bakarrik Zurichekoan ematen, badirudi Suitzako beste kartzeletan ere berdintsua dela. Beraz kartzela aldaketa ematen bada ere oso posible da baldintza horiek ez aldatzea. Badirudi beste kartzeletan bisiten baldintzak hobeak direla, hala ere, gaur gaurkoz ez dago berririk aldaketa posible honen inguruan".

Bisitaren bezperan 20 bat gutun iritsi zitzaizkion Nekaneri, euskarazkoak ere bai, eta ilusioa handiarekin hartu zituela esan dute senideek: "Beraz jendea animatu nahi dugu idaztera, asko eskertzen baititu guztion hitzak. Besarkada handi bat ere eman zigun denoi banatzeko".

Estradizio kasuaren inguruan ere berri handirik ez dute familiakoek. Abokatuek dokumentazioa prestatu dute eta orain estradizioaren inguruko bistak hasteko dataren zain daude. "Abokatuak dauden aukera guztiak jorratu dituzte eta hasieratik esan diguten arren estradizioa ez gauzatzea oso zaila izango dela, itxaropenari eutsi behar diogu", esan dute senideek.
 
Zuricheko egonaldia
Zuricheko jendeak Nekaneren senideen bisita asko erraztu dutela jakinarazi dute prentsara bidalitako oharrean: "Lo egiteko tokiak utzi dizkigute eta kartzelara lagundu digute alemanez eta gaztelaniaz hitz egiten duen lagun batek. Benetan jende ona aurkitu dugu. Ezkerreko talde desberdinetan aritzen den jendea da". Nekaneren aldeko elkartasun talde bat sortu dute eta ekitaldi ezberdinak egin dituzte: kartzelaren aurrean kontzentrazioak, hitzaldiak…

Asteburu honetan Langileen Nazioarteko Eguna ospatzeko manifestazio, ekitaldi eta festak egin dituzte Suitzan eta 15.000 lagun inguru bildu dira. Txapartegiren gaia ere "oso presente" eduki dutela esan dute Nekaneren senideek, "informazioa emateko postu bat zegoen eta guk larunbatean ordu gutxi batzuk pasa ahal izan genituen bertan. Gutxienez eskerrak emateko aukera izan genuen. Maiatzak 1ean bertan Nekaneren aldeko ekitaldi bat egin zuten 12:00etan eta babes honek bai Nekaneri eta bai ingurukoei ere asko laguntzen digu".

Txapartegiren senideek eskerrak emanez bukatu dute asteburuko bisitaren kronika eginez osatu duten oharra. "Eskerrak eman Asteasun, bailaran eta Euskal Herrian jasotako babesagatik eta baita aipatutako Zuricheko taldeari ere".
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!