[Herriz herri] Asteasu: Unibertso bakana Hernioazpin

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 6a, 10:59
Jokin Sukuntza

Elizmendi, Andazarrate, Matxintxulo, Ilobate... Asteasuko toki izenak dira. Muskerrak lotu ditu Atxagak prestatu duen bidean, eta Asteasu kanpotarrei ezagutzera emateko baliatu nahi dute; herrian, bide batez, tokiko ekonomia sustatzeko.

Bisitari ugari sumatu dituzte Asteasun azken hilabeteetan. Muskerraren Bidea egitera gerturatzen dira gehienak. 2013. urte bukaeran tokiko ekonomia suspertzeko proiektu bat pentsatzen hasi ziren herrian, eta iazko urte bukaeran gauzatu zen. Pili Legarra alkateak kontatu du: “Asteasuk inguruko herriekiko zein berezitasun zituen pentsatzen hasita, berehala ohartu ginen Bernardo Atxagak Obaban irudikatu zuen mundu hori zela gure bereizgarria. Berekin hizketan hasi eta ondo hartu zuen gure asmoa”. Ideia lantzen hasi zen herriko idazlea, eta bi kilometro pasatxo dituen ibilbidea osatu zuen, 17 geldialdi dituena.

Ibilbidearekin batera, Muskerraren bidea (Pamiela) liburu gida kaleratu zuen Atxagak. Ikasleek lantzeko egokia dela iritzi dio idazleak, eta talde bisitak egiteko aukera eskainiko diete ikastetxeei hemendik aurrera. Legarraren hitzetan, ibilbidean zehar jarrita dauden paneletan QR kodeak ageri dira, eta bakarka egiteko aproposa da sistema hori. “Hala ere, iruditzen zitzaigun taldean egiteko modua ere eskaini behar genuela. Gidari bat trebatu du Atxagak, eta Tolosaldea Tour agentziaren bitartez, taldeei bi orduko bisita gidatua egiteko aukera eskainiko diegu hemendik aurrera”. Martxoaren 14an, 11:30ean, Asteasuko idazlea bertan dela egingo dute bidea. Irisgarriagoa egiteko, panel handi bat jarri dute plazan eta jendea bidean gal ez dadin, poste handi batzuk jarri dira, zenbaki eta guzti, ibilbidearen norabidea markatuz.

Muskerraren Bidean, lehen geltokia ahozko tradizioan egiten du Atxagak, eta Pello Errota eta bere familia ditu aipagai. Mikaela Elizegik, bertsolariaren alabak, 1963an atera zuen Pello Errotaren bizitza liburua —Aita Zabalak antolatu eta argitaratua—. Legarraren birramona zen Mikaela Elizegi: “Oso zaharra zela ezagutu nuen nik, ohean. Emakume indartsu eta bitxia zen. Gaur egun desagertuta dagoen Elizmendiko etxe batean bizi zen, eta 99 urterekin hil zen”.

Ahozkotasunean aberatsa den herria da Asteasu Haritz Mujika bertsolari eta zinegotziaren ustez. “Bertsoa oso estimatua da hemen”. Lizardi etxean, Amaia Agirre irakasle zela, Asteasuko bertso eskola herriko zortzi gazterekin hasi zen martxan. “Haiek utzi zutenean, herri bakoitzean bertso eskola bat sortu beharrean, inguruko gazteekin hemen biltzen hasi zen Amaia. Orduan hasi nintzen ni, Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Ane Labaka, Unai Mendizabal, Adur Gorostidi eta guzti horiekin. Bertso frikiak ginen, asteazkenero hiru ordu ematen genituen bertsoaren inguruan bueltaka”. Urteak pasata antzematen da egindako lanketa: Harituz taldea sortu da orduan ereindako hazitik, eta hango kideek bere ibilbidea egin dute bertso munduan —Mujikak Lizardi eta Osinalde sariak irabazi ditu, adibidez—.

Asteasuko bertso eskolan ibili zirenak orain irakasle dabiltza, eta Mujikak herrian bosna gaztetxoz osatutako bi talde daramatza astelehen eta ostegunetan: “Gazteak zaletzea da gure asmoa, behintzat bertsoa entzuten ikas dezatela”. Udaletik asmo bertsuarekin jarriko dute martxan Pello Errota 2019 egitasmoa. “Hemendik hiru urtera ehun urte beteko dira herriko bertsolaria hil zela, eta iruditzen zaigu gazteen artean Pello Errota ez dela erreferente”. Horregatik, udazkenean hasita eta 2019ra arte, bertsoak ematen dituen aukerak baliatuko dituzte beste hainbat gai jorratzeko.

Industria eta landa eremua

Muskerraren bidea-n Atxagak erreferentzia egiten dio Lekuak libururako idatzitako testu bati: puntu geografiko bakoitzaren denbora-sakonera kalkulatzen duen aparatu berezi bat irudikatzen du egileak. “Berdinak al ziren, denbora-sakoneraren aldetik, Beasain edo Tolosa, industria-herriak, eta Aiako Laurgain auzoa, oraindik nekazari girokoa?”. Asteasun ere, Atxagaren zundak denbora ezberdinetara bidaiatzeko aukera emango du.

Aspaldiko garaietatik eutsi dio gaur arte lehen sektoreak. Aitor Usandizaga baserritar eta zinegotziaren esanetan, Tolosaldean nekazaritza ustiapenetik soilik bizi diren familia kopuru gehien duen herria da Asteasu. “Beste tokietan ez bezala, transmisioa ez da erabat eten, eta gazte dezente ari dira lanean, gehienak familia giroko ustiapenetan”. Behi esnearen produkzioak indar handia du herrian, baina hala ere, artzaintzak garrantzia hartu du denbora gutxian. “Zailtasunak ere badira, bertako produktuen salmenta gero eta zailagoa baita mundu globalizatuan. Gurea bezalako herri malkartsu batean produkzio kostuak altuak dira. Baina beharbada horregatik da hain erakargarria inguruko paisaia”, dio Usandizagak.

GI 2631 errepideak lotzen ditu landa gunea eta industria Asteasun. Legarraren hitzetan, industria garrantzitsua dute herrian; “enpresa indartsuak daude eta krisiari eutsi diote denek; bakar batek ere ez ditu ateak itxi”. Tokiko ekonomia suspertzen ere laguntzen du industriaguneak, “herriko taberna eta jatetxeetara etortzen direlako langileak”.

Herri gaztetua

Gaur egun 1.525 biztanle dira Asteasun. “Inguruko beste herriekin alderatuta, alderantzizkoa da gure piramidea, askoz jende gazte gehiago dago zaharra baino. 2011n udalean sartu ginenean egin genuen azterketa baten arabera, 18 eta 30 urte bitarteko 250 gazte inguru zeuden herrian, urte gutxian etxebizitza beharra izango zutenak”, dio Legarrak. Lamiategiko proiektuarekin erantzun nahi izan diote, neurri batean, arazoari. 32 etxebizitza eraiki dituzte, eta urte amaierarako egongo dira bukatuta. “Bertan biziko den jendearen erdia baino gehiago gazteak dira eta Asteasu bertakoak”. Herrian bizitzeko hautua egiten duten horiei zerbitzuak eskaintzeko ahalegin horretan, eskolaz gain, ludoteka, gaztelekua eta gaztetxea ere badituzte herrian, eta hirugarren adinekoek ere taldea osatu dute elkarrekin gauzak egiteko. “Oso dinamika polita daramate”, Legarraren ustetan.

Herrian pil-pilean dagoen gaietako bat da trafikoarena. Parte hartze prozesu baten bitartez eman nahi diote konponbidea gaiari. Trafiko plana adosteko, sei bilera antolatu dituzte azken hilabeteetan. “Autoak aparkatzeko modu desegokiaren ondorioz, haurrak uneoro arriskuan dabiltzala uste du jendeak. Horren aurrean, herriko seinalizazioa eguneratu eta udaltzaina kontratatzea erabaki dugu. Udaltzainaren ordutegiaz kanpo, Ertzainarekin hitzarmena egitea adostu da, autoei isunak jartzeko baimena emango diena”, dio alkateak.

Apustuzaleak

Andazarrate gailurreraino bidean ikusten zituen gaztetan Atxagak korrika apustuak, eta, batez ere, bizikleta karrerak. Afizio horrek ia bere horretan jarraitzen du Asteasun, Aitzondo Txirrindulari Elkarteari esker. Abenduan antolatzen den ziklo krosa eta Aitzondo klasika dira elkartetik bultzatzen dituzten urteko ekintza nagusiak.

Atxagak Muskerraren Bidea-n aipatzen ditu herrian harri jasotzen ibilitakoak, eta baita ere sega txapeldunak. Juan Jose Irazusta, esate baterako; hamar aldiz Euskadiko Segalarien Txapelketa Nagusia eskuratu zuen.

Eta emakume izateagatik isilean geratu den beste kirolari handi bat, Miren Uzkudun Asteasu da. Hogei urtean hamahiru pilotalekutan aritu zen erraketista gisa. Madrilgo Iberia pilotalekuan debutatu zuen, eta besteak beste, Mexikon eta Kuban aritu zen. Gaur egun, bere herrian, neskak pilotan aritzen dira, palaz. Duela lau urte sortu zen Atzapar taldean jarduten dute: “Pilotan aritzeko aukera izatea eta pilotan hazi eta heztea da gure helburua, bide batez emakumeen partaidetza bultzatuz”. Eskuz 40 ume ari dira, eta hamar bat gazte dabiltza goiko kategorietan. Azken hiru urteetan herriarteko txapelketan parte hartzeko aukera izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!