Berastegiko kultur jardueren bilgune izango da udaletxea

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 25a, 16:36
Garai batean eskola zegoen bigarren solairuan, arbelak ikusi daitezke argazkian

Bigarren solairuan lanean ari dira; elkarte eta eragileek lekua izango dute bertan

2012an hasi ziren Berastegiko udaletxea berritzen. Eraikin handia da, 2.300 bat metro koadro ditu, eta berritzeko premia zuela esan du Aritz Mujika alkateak. 1699an hasi ziren eraikitzen eta lanak 1734an amaitu zituzten, urte askotako historiaren lekuko da beraz. Herriaren erdigunean dago gainera, leku berezian, izan ere Gipuzkoako gainerako udalerri guztietan ez bezala, Berastegiko udaletxea parroki elizatik urrun altxatu zuten.


Leku berezian
Herriaren erdian egonda udaleko arduradunek bertan administrazioa biltzeaz gain, kultura jardueren bilgune izatea egokia izango litzatekeela pentsatu zuten, eta horrela, zaharberritzearen bigarren fasean, kultura jardueren bilgune izateko ari dira prestatzen bigarren solairua.  Duela bi aste edo hasi ziren lanekin eta 3 bat hilabetetan ariko direla aurreikusten dute.

«Herriko kultura jardueren elkargunea izango da; batzordeen eta talde eragileen bilerak eta entseguak egin ahal izango dira bertan, ikastaroak eman ahal izango dira...», azaldu du alkateak.

Sei gela izango ditu solairuak eta aipatu guneez gain liburutegia eta KZgunea ere egongo dira bertan. Liburutegiak, gainera, etxeko lanak eta talde lanak egiteko tokia izango du. Berastegiko eskola 90eko hamarkadan egin zuten, eta lehenago udaletxeko bigarren solairuan ematen zituzten eskolak.
Lanak udararako bukatuta egotea espero badute ere, denbora gehiago beharko dute liburutegi, KZgunea eta bestelako gelak hornitzeko.

Lehen faseko lanak egiten urte bete eman zuten eta 1.800.000 euro inbertitu zituzten. Bigarren fasea egiteko 260.000 euroko aurrekontua dute. Lehen fasean egitura, teilatua eta lehen solairua konpondu zituzten. Bi fase hauek eginda teilatu azpia berritzea eta medikuaren kontsulta egitea izango dira azken lanak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!