Portutik plazara zuzen-zuzenean

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 25a, 11:45

Ondarroako portutik asteazkenero abiatzen da arrandegi ibiltari bat Berastegiko plazara arrain freskoa saltzera; arrain-zaleak eta herritarrak «oso pozik» daude ekimenarekin

Ondarroako portutik zuzen-zuzenean iristen da arraina asteazkenero Berastegiko plazara. Bingen Arrizabalaga eta Gillermo Burgoa ondarrutarrak goizean goiz arraina erosi, eta Berastegirainoko bidaia egiten dute. 10:00-10:30 inguru iristen dira bertara, eta jendea zain izaten dute arrain freskoa erosteko asmotan. Nabari da kostakoak direla; saltseroak eta umoretsuak. Horregatik, bezeroak gustura egoten dira eurekin kontutan, ilaran dauden bitartean.

Hain zuzen ere, beraiek izan ziren udalarekin kontaktuan jarri zirenak zerbitzu hau eskaintzeko asmoz. Amaia Azkue alkatearen esanetan, 2011-2015 legealdirako prestatutako herri programan jada jarri zuten «herrian falta ziren zerbitzuak martxan jartzen» saiatuko zirela, bereziki «arrandegi zerbitzua». Eta legealdi horretan ez zuten proiektua abiatzea lortu. Horregatik, Ondarroako arrain-zaleen proposamena «gustura» jaso zuten udalean. Hain zuzen ere, Arrizabalagak Areson duen lagun bati buruan zuten proiektuaren berri emandakoan, Berastegin horretarako aukera izan zezaketela esan zioten.

Herrira zuzenean Ondarroatik arraina iristea are «aberasgarriagoa» iruditu zitzaien udalean, eta orain arteko esperientziarekin «oso gustura» daudela dio Azkuek. Astero «jende berria» gerturatzen ari da arrandegi ibiltarira, eta herritarrengandik jasotako iritzien arabera ere uste dute jendea «oso gustura» dagoela, bai «kalitateagatik» eta baita «zerbitzuagatik» ere. Gainera, «zuzeneko harremana» jasotzeak ere herritarrek gustuko dutela uste du Azkuek.

Herritarren artean oraindik zabaltzen ari da zerbitzua; baina, horretarako batez ere «ahoz-ahokoa» funtzionatzen ari da.

Arrain-zaleak ere «gustura»

Asteazken goizetan atsedenik hartu gabe aritzen dira lanean ondarrutarrak Berastegiko plazan; beti ere irribarrea eta umore ona galdu gabe.

Bingen Agirrezabalagak eta Gillermo Burgoak arrandegiak zituzten lehen Eibarren, baina «aspalditik» buruan zerabilten herri txikietan, «arrandegirik ez dagoenetan edo arraina iristen ez den lekuetan» arraina saltzeko asmoa.

Duela hiru hilabete Leintz Gatzagako herrian «proba» moduan hasi ziren arrandegi ibiltariarekin lanean, eta «erantzun ona» jaso zuten. Aipatu bezala, Aresoko lagun batek esan zion Berastegin ere funtziona zezakeela proiektuak, eta horregatik udalarekin harremanetan jartzea erabaki zuten.

Udalak arazorik ipini ez zienez, urriaren 21ean iritsi zen arrandegi ibiltaria Berastegira lehen aldiz. Erantzuna «ona» izan zen, eta bai arrain-zaleak eta baita herritarrak ere «pozik» daude Arrizabalagaren esanetan, hortaz, astero Berastegira gerturatzen jarraitzeko asmo sendoa dute.

Ondarrutarrak dira esan bezala arrain-zaleak, eta herrian bertan portua izanda, ezin zitekeen beste portu batetik iritsitako arraina izan Berastegira ekartzen dutena: «Ondarroakoa da bai Euskal Herri mailan eta baita penintsula mailan ere arrainaren porturik garrantzitsuena ez bada, garrantzitsuenetakoa».

Arrizabalagak Berastegira heltzen den arrainaren «freskotasuna» azpimarratzen du, izan ere, goizaldean Ondarroako kofradiara iristen diren arrainak dira, bertan enkantean egoten direnak eta gero Berastegira iristen direnak: «Batzuetan arraina bizirik eta dena egoten da kaxetan».

Esperientzia abiatu besterik egin ez badute ere, Arrizabalaga eta Burgoaren asmoa arrandegi ibiltariaren proiektuarekin luzaroan jarraitzea da: «Herriaren erantzuna ona bada eta gugaz pozik eta ilusioagaz badaude beste berrogei urtez hona etorriko gara».

Sasoiko arraina salduko dute, orain denboraleko arrainaren garaia dela dio Arrizabalagak. «Eskozian eta Irlandan eta hor parean, olatu eta borraska handiak» hasten direnekoa da, eta «lupiak, urreburua edo txibiak» dira esaterako garai honetakoak. Baina, legatzak, zapoak, oilarrak, etab. urte guztian zehar egoten dira. Barrualdean egon arren, Berastegin jendeak «arrainaren kultura» baduela uste du, zeren «denetatik» hartzeko ohitura dute. Erostekoan arraina nola prestatu ere galdetzen die herritarrak.

Bertatik bertara

Herritarrak ere gustura daude martxan jarritako ekimen honekin. Bertan topatutako gehienek legatza erosteko asmoa zutela adierazi zuten, nahiz eta oilarra edo zapoa ere bazeuden euren zerrendan.

Juanita Jauregik eta Mikela Saizarrek, esaterako, arrandegi ibiltariarena «ideia ona» dela uste dute, eta lehenak uste du jendea «animatuko» dela bertan arraina erostera. Bigarrenak, berriz, «denbora luzean» jendeak zer erantzun ematen duen ikusi beharko dela dio.

Arantxi Goñi aurreko asteetan herritarrei arrain «ona» izaten dela entzun eta animatu zen arraina erostera. Ekimena «erosoa» dela azpimarratzen du: «Inora mugitu beharrizk ez izatea errazagoa da denentzat».

Maider Irisarrik, berriz, bigarren aldia zuen arraina herrian erosten eta orain artekoarekin «gustura» dagoela adierazi zuen, gainera, berak ere gertutasuna azpimarratu zuen: «Plazan dago eta nahi duzuenean etortzen zara. Bestela Leitzara edo Tolosara joan behar da, eta herrian bertan arrain freskoa izatea oso ondo dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!