Herritarrak protagonista dituen astea

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 25a, 11:48
Gazta lehiaketa egingo dute, azoka egunean.

Kultur Astea antolatu dute Berastegin; ostiralean hasita, azaroaren 6ko azoka eguna bitarteko egitaraua prestatu dute.

Udazkenarekin batera, kultura aste eta hamabostaldiak antolatu ohi dituzte eskualdeko hainbat herritan. Orexan hasita daude jada, kultur ekitaldiekin, eta Berastegin ostiral honetan hasiko da Kultur Astea.
Leire Garaiburu Kultura zinegotziak azaldu duenez, udalaz gain herriko zazpi elkartek hartzen dute parte Kultur Asteko antolakuntzan eta udalaren lana, jasotako proposamenak batu, antolatu eta forma ematea da. Garrantzi berezia ematen diote herritarrak protagonista dituen ekitaldiak antolatzeari. Hori dela eta, aurtengoan ere, berastegiar bat baino gehiagok eskainiko du hitzaldi, ikastaro edo emanaldiren bat datozen egunetan.

Aipatzekoa da zentzu honetan, Axier Saizar berastegiarra. Saizarrek garagardoa etxean prestatzeko zaletasuna du eta gerturatzen direnei nola egiten den erakutsiko die bi saiotan banatuta; bata urriaren 29an izango da eta bestea, azaroaren 5ean. Biak Urepele elkartean izango dira.

Indiar Himalayako Nun mendirako espedizioko ikus-entzunezkoak ere herritar bat izango du protagonista, Iñigo Lizarribar. Espedizioan lagun izan zituen Ibon Zabala eta Mikel Legarreta ere bertan izango dira. Urriaren 28an izango da emanaldia, 19:30ean, erabilera anitzeko gelan. Kirolariekin solasaldi berezia ere antolatu dute azaroaren 4rako. 18:30etik aurrera Iñaki Artola eta Oinatz Bengoetxea pilotariek, Mikel Nieve txirrindulariak, Myriam Elorza sokatiralariak eta Itsaso Nabaskues futbolariak euren ibilbideez ariko dira Irati Saizar herritarraren gidaritzapean.

Azoka berezia
Kultur Astea azoka egunarekin amaituko da. Hamazortzigarren aldiz egingo dute eta urteroko moduan azoka berezi egiten duen lehiaketak egingo dituzte. Horien artean bada bat, Gazta Lehiaketa, azoka bera baino lehenagokoa dena.


Aurten hogeitabosgarren aldiz antolatu dute eta nabarmentzekoa da herritarren hartutako gazten arteko lehiaketa dela. 15 gaztek hartuko dute parte.

Erlazionatuak

Egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2016 urr 25 Berastegi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!