Azken txanpan sartu da Berrobiko Kulturaldia

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 26a, 16:08
Udaberriko Azokak jende asko bildu zuen

Larunbateko mendi irteerarekin bukatu da ekimena; Uzturrera joango dira 10:00etan abiatuta 

Kulturari eskainitako hilabetea izaten ari da Berrobin. Kulturaldian murgilduta egon dira orain arte eta ekitaldiak bata bestearen atzetik pilatu zaizkie. Maiatza ez da bukatu oraindik, hala ere, eta oraindik badago aukera Kulturaldiko ekitaldietara gerturatzeko. Izan ere, azken ekitaldia larunbatean izango da. Uzturrera joango dira. Honekin batera bi erakusketa ere ikusi ahal dira: batetik, 25 urteko kultur ibilbidea biltzen duen argazki erakusketa, ekainaren 18a arte, Solastokin, eta bestetik, Matilde Urdangarinen margoak, ostirala bitarte, udaletxean.

Kulturaldia, dena den, maiatzaren 6an hasi zen. Ordutik hona hamaika ekitaldi izan dira, tartean Ruper Ordorikaren kontzertua. Agurtzane Belauntzaran Kultura zinegotziak esan duenez 140 bat pertsona bildu ziren bertan, eta bai ikusleak eta baita Oñatiko kantaria bera oso gustura geratu ziren. Maiatzaren 10ean egindako Udaberriko Azokak ere jende asko bildu zuela gogoratu du zinegotziak.
Ekitaldirik jendetsuena, hala ere, urteroko moduan, herriko eskolako haurrek eskainitako antzerkia izan da. Jakoba Errekondo ere izan da Berrobin, Bizi baratzea liburua aurkeztu zuen eta berrobitarren zalantzak argitu zituen eta hainbat gomendio eman.

 

Egitaraua

  • Gaur, maiatzak 26:
    18:00. Guraso elkarteak antolatutako Kultur artean elkarbizitza tailer praktikoa.
  • Bihar, maiatzak 27:
    18:15. Gaztetxoen pilota partidak.
  • Maiatzak 29:
    17:00. Judoaren mundua hitzaldi praktikoa Aiora Aburuzarekin, eskolan.
    21:00. Pura Vida dokumentala; Iñaki Ochoa de Olzaren Himalayako erreskatea biltzen duen lana.
  • Maiatzak 30:
    10:00. Uzturrera mendi irteera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!