Patxi Zeberiorentzat, hil ala biziko partida

Asier Imaz 2014ko aza. 20a, 12:14

Binakako erremonte txapelketako partida larunbatean izango da, Galarretan.

Binakako erremonte txapelketa, ligaxkako azken jardunaldira iritsi da; Patxi Zeberiorentzat erabakigarria izango den partidara. Elduaindarrak Barrenetxearekin osatzen du bikotea, eta Etxeberriatarren aurka jokatuko dute. Batzuk zein besteak parean daude sailkapenean, ondorioz, irabazleak aurrera egingo du eta galtzailea txapelketatik at geldituko da. Partida erabakigarri hau hasiera batean gaur jokatzekoa zen, baina Urrizaren lesioaren ondorioz, txapelketako partidak aldatzea erabaki dute. Lehia ikusgarria, larunbatean jokatuko da, Hernanin.

«Sakea aprobetxatzen saiatuko gara»

Patxi Zeberiok larunbateko partidan du burua, euren esku dagoela jakitun. Hala eta guztiz ere, aurkari arriskutsuak izango dituzte aurrean.

Lesioa ahaztuta al daukazu?
Bai. Urtebete egon behar izan nuen geldi. Hasieran pixka bat kosta egin zitzaidan jokoa hartzea, erritmo faltagatik. Uda bukaerarako, ordea, nahiko txukun nengoen. Txapelketara, bizkarra kargatu xamar iritsi naiz, jokoz uda amaieran bezain indartsu ez. Orain, maila horretan itzultzea izango da helburua.

Finalerdietan egotea zuen esku dago.
Etxeberriatarrak gu bezala daude txapelketan. Irabazten duenak bakarrik egingo du, beraz, aurrera. Beste bikoteen emaitzei begira egoten zarenean aurrera pasatzeko, dena maldan gora ikusten duzu. Gu bizirik gaude, eta hori da garrantzitsuena; gure esku dagoela.

Nolako aurkariak dira?
Partida oso onak eta ez hain onak egin dituzte txapelketan. Oso ondo jokatzeko gai direla erakutsi dute, beraz, arriskutsua izango da.

Zertan oinarrituko da zuen jokoa?
Barrenetxearen sakean. Berak ongi sakatzen duenean min handia egiten du, eta aukerako pilotak uzten ditu ondoren, tantoa azkar bukatzeko. Horrez gain, tantoa ez galtzen eta sufritzen saiatuko gara. Horrek ere asko balio baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!