Sukaldaritza ginearra dastatzeko aukera Gaztelun

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 9a, 15:00

Gazteluko ostatuan afari ginearra antolatu dute urriaren 16rako, baina txartelak salgai urriaren 12ra arte egongo dira ostatuan

Juan Inazio Hartsuaga da Gazteluko ostatuaren arduraduna maiatzetik. Bederatzi urtez itxita egon ondoren, berriro ere ateak zabaldu zituen ostatuak, eta aipatua zuen kultura ezberdinen arteko trukaketak egiteko asmoa zuela ostatuan.

Izan ere, Hartsuaga Ereite elkarte kulturanitzan ibilitakoa da, eta bertan burutzen zituzten jardueretako bat "herrialde ezberdinetako sukaldaritza" ikastea zela dio. Honenbestez, ostiraletan elkarte batean elkartzen ziren, eta jatorri ezberdinetako sukaldariek beraien herrialdeko janaria prestatzen erakusten zieten; ostiralero batek. Gianerakoak laguntzaile lanetan aritzen ziren. Ostiralero biltzen zen taldean giro "oso polita" sortzen zela dio

Tolosaldean "janari exotikoa" eskaintzen duen jatetxerik ez dagoenez, "hemengo jendeak aukera gutxi ditu sukaldaritza exotikoa dastatzeko".

Horregatik, Gazteluko ostatuan aukera hori eskaintzea egokia izan zitekeela pentsatuta, herritarrei eta ingurukoei ideia azaldu eta "harrera ona" jaso zuela ikusita, aurrera egitea erabaki zuen.

Urriaren 16an izango da lehen afaria, 20:30ean, ostatuan bertan. Belen Mangue ginearra ariko da sukaldari lanetan, eta kuas ya nzang ya ndeng (arraia berenjena eta espinakaz) eta kup ya owono (oiloa kakahuete saltsan) prestatuko ditu. Gainera, postrea, edaria eta kafea ere barruan sartuko da. Guztia 20 eurogatik, eta ginear musika ere izango da girotzeko eta dantzatu ahal izateko. Esan bezala, tiketak urriaren 12ra arte daude salgai ostatuan bertan. Eta informazio gehiago nahi izanez gero, 943 049 077 edo 688 618 392 telefonora deitu daiteke.

Aurrera begira, beste hainbat herrialdetako sukaldaritza ostatura eramateko asmoa du Hartsuagak, "tokian-tokiko sukaldariak" ariko liratekeelarik janari horiek prestatzen.

Hortaz, sukaldaritza exotikoa dastatzea gustuko duenak eta kultura ezberdinak ezagutzeko interesa duenak horretarako aukera bikaina du Gazteluko ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!