Hernialdeko zuloa, AHTko obretan

Hernialdeko zuloa 2015eko martxorako konponduta egongo dela dio Oregik

Tolosaldeko Ataria 2014ko abe. 17a, 17:01

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzun die gaur, eta zuloa tapatzeko lanetan jarraitzen dutela esan du. Barrualdea hormigoiz eta lurrez estaltzen ari diren arren, goialdea gero eta handiagoa da euriteen ondorioz.

Hernialdeko zuloa estaltzen ari dira. Azpiko errepidetik zulorantz doazen hodi batzuen bidez ari dira isurtzen hormigoia zulo barnealdera. Estaltzeko lanak 2015eko martxorako amaituta egotea aurreikusi du Oregik, eta lan horiek segurtasun neurri guztiak betetzen dituela ere esan du.

Lan horiek 3,1 milioi euroko gainkostua izango zutela jakin da asteburuan, eta Matutek gizarte osoari eragiten diola salatu du. Oregik, berriz, esan dio "ingurune karstikoa izanik, ezinezkoa" zela halakoak aurreikustea. EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, esan dio aurretik 1,45 milioi euroko balioa izan zuten ikerketa geoteknikoak egin zirela lur horietan.
 
Bestalde, EH Bilduk salatutako informazio ezaren inguruan, sailburuak esan du prozesu bat izan dela gertatutakoa. Oregiren arabera, urriaren 6an buztin kopuru urri bat eta gainaldeko azaleratze bat agertu ziren, eta estaltzen saiatu ziren. Urriaren 15ean, ordea, lurjauzi handiago bat izan zen eta orduan jakinarazi zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta 20an Hernialdeko alkateari. "Ez genien ingurukoei abisatu arazoaren neurria ez zelako handia", esan du Oregik. Matutek, berriz, salatu du azaroaren 28an emandako azalpenetan ez zela inon ageri urriaren 6ko datarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!