Asteazkenean hasiko dira Ibarran atez ateko hondakin bilketarako ontziak banatzen

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 13a, 12:08
Ainhoa Alonso ingurumen teknikaria, Itziar Saizar ingurumen zinegotzia eta Jexux Peñagarikano alkatea, atzo, ontziak erakusten. I.T.
Apirilaren hasieran hasiko dira atez ateko hondakin bilketarekin Ibarran, eta herritarrek datorren astean jaso ahal izango dituzte sistema berrirako ontziak. Horiek zintzilikatzeko zutabeei dagokienez, duela bi aste hasi ziren jartzen, eta dagoeneko ia guztiak jarrita daude. Beraz, beharrezko tresneria eta azpiegiturak prest egongo lirateke atez ateko bilketari ekiteko.

Lau ontzi banatuko dituzte martxoaren 19tik 22ra bitarte, herritarren artean. Bi marroiak izango dira, organikoarentzat, eta horietako bat, txikiagoa dena, poltsa konpostagarriarekin etxean edukitzeko izango da. Poltsa hori betetzean beste ontzi marroira pasa beharko da, eta hori izango da kalera aterako dena. Beste ontzi bat, urdina eta tapa horiduna, ontzi arinentzat eta papera eta kartoiarentzat izango da, eta dagokion egunean zintzilikatuko da zutabeetan, dagokion hondakinarekin. Azkenik, ontzi grisa errefusarentzat izango da.
Ontzi horiek udalak Beko Biden duen lokalean banatuko dituzte, eta ontziekin batera, poltsa konpostagarriak, imana duen egutegi txiki bat, hondakinak egoki sailkatzeko gida, ereduen euskarria eta birziklapenaren euskarria banatuko dituzte. Horrez gain, udalak herritar guztien buzoietan informazio guztia laburbilduko duen idatzia banatuko du.
Merkatariei, berriz, martxoren 24tik 28ra, biak barne, banatuko dizkiete sistema berrirako ontziak eta informazioa.
Bestalde, informazio gehiagorako bulego bat ireki du udalak kultur etxean, eta zalantzak hor argitu daitezke. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara. 672 654 506 telefono zenbakian eta ibarra@tolosaldea.org helbidean ere argitu daitezke zalantzak.
Sistema berria martxan
Sistema berria apirilaren lehen egunetan izango da, baina, ezartze data zehatza ez dute jarri oraindik. Udalak esan duenez, bando bidez jakinaraziko du hasierako eguna. Hori bai, hondakinak zein egunetan utzi beharko diren, eta ordutegia zehaztu dute.
Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak azaldu duenez, atez ateko bilketa sistema martxan dagoen herrietan bezala «datuak iraultzea» da gure helburua». Udala «ilusionatuta» dagoela ekimen berriarekin adierazi du, baina, era berean, jakitun dela herritarrentzat aldaketa bat esan nahi duela honek guztiak. Dena den, sistema hori jarrita duten herrietan bertako herritarrek «modu egokian» egiten dutenez, Ibarran ere gauza bera gertatzea, eta herritarrek arduraz eta erantzukizunez erantzungo dutela espero duela esan du.
Bestalde, orain arte egindako lana ere azpimarratu du Ibarrako alkateak: «Bilketa sistema martxan jarri bitarte udala ez da geldi egon; konpostatzeari garrantzi handia eman diogu, bai autokonpostari, bai eta auzokonpostari ere, eta azken horri dagokionez, iaz bi gune jarri genituen, eta aurten beste bost, eta orotara, 160 familia inguruk konpostatzen du egun».

ONTZIAK
Lau ontzi. Ibarrako Udalak lau ontzi banatuko dizkie herritarrei.
Materia organikoa:
Etxean erabiltzeko ontzi bat izango da, eta beste bat kalera ateratzeko.
Errefusa:
Kalera ateratzeko ontzi bat.
Ontzi arinak + papera eta kartoia:
Ontzi bakar bat erabiliko da.
ONTZIEN BANAKETA
Herritarrei. Beko Biden udalak duen lokalean banatuko dira:
• Martxoak 19, 20, 21:
10:00 - 13:00 eta 18:00 - 21:00.
• Martxoak 22:
10:00 - 14:00etara.
Merkatariei. Martxoaren 24, 25, 26, 27 eta 28an banatuko zaie.
BILKETA SISTEMA
Hasiera. Apirilaren hasieran jarriko da martxan hondakin bilketa sistema berria.
EGUTEGIA
Ontzi arinak. Astelehena eta osteguna.
Organikoa. Asteartea, ostirala eta igandea.
Papera eta kartoia. Asteazkena.
Errefusa. Larunbata.
Pixoihalak eta konpresak. Egunero.
Ordutegia. 20:00 - 22:00.
INFORMAZIO BULEGOA
Lekua. Kultur Etxea (672 654 506, ibarra@tolosaldea.org).
Astelehena, asteazkena, ostirala. 10:00-13:00.
Asteartea, osteguna. 17:00-19:00.

)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!