Agenda 21en barruko Tokiko Ekintza Planaren eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena egin asmo du Ibarrako Udalak, eta horretarako, bi planentzat baliagarria izango den diagnostikoa osatuko du. Diagnostiko horretatik abiatuta egingo dute udalerriaren garapena markatuko duten planen diseinua. Hain justu, Ibarraren egungo diagnostikoa osatzen ari da udala une honetan, batetik, datu objektiboak biltzen, eta bestetik, herritarren ekarpenak jasotzen.
Ibartarrekin egin berri dituzten bileretan Ibarrak dituen indargune eta ahulguneen inguruan eztabaidatzen aritu dira. Lehenengo bileran, lurraldea, mugikortasuna eta ingurumen gaiak jorratu dituzte, eta bigarrenean, gizarte gaiak, kultur arloa, euskara eta udalerriko garapen ekonomikoarekin erlazionatutakoak. Gai horien inguruan herritarrek duten ikuspegia jaso dute.
Erabilera anitzeko eraikina
Beste gaien artean, udalerria zeharkatzen duten ibilgailuen kopuruaren inguruko kezka azaldu dute herritarrek, horrek pertsonen osasunean eta ingurumenean eragiten duen kaltea eta segurtasunaren aldetik duen arriskua aipatuz.
Gizarte gaiei dagokienez, etorkinen integrazioaren aldeko lana egin beharra dagoela aipatu dute. Lan hori erakundeetatik ezezik herritarren aldetik ere egin behar dela aipatu dute, elkar ezagutzarako aurrerapausoak ematea «beharrezko» ikusten dutelarik.
Ibarrak dituen azpiegituren inguruan, erabilera anitzeko eraikin baten beharra azaldu dute, mota ezberdinetako ekitaldiak antolatu ahal izateko. Era berean, gaztetxea egokitu beharra dagoela ere adierazi dute bileretan parte hartu duten herritarrek.
Euskararen inguruan ere eztabaidatu dute, izan ere, erabilerari buruz emandako datuek kezka piztu dute. nahiz eta Ibarran euskararen ezagutza maila «oso altua» izan, etxean eta kalean ez dela hainbeste erabiltzen nabarmendu dute herritarrek.
Ibarrako kultur etxean egin dituzte prozesu honetako lehen bi bilerak, eta udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten herritar guztiei. Ekainean, berriro ere, ibartarrak deituak izango dira beste bilera batetara, eta etorkizunean zer nolako Ibarra nahi duten eztabaidatuko dute. Ekimenaren inguruan zalantzak dituenak edo informazioa jaso nahi duenak Ibarrako Udaleko ingurumen sailarekin jar daiteke harremanetan, ingurugiroa@ibarrakoudala.net helbidera idatzita, edota 943 67 11 38 zenbakira deituta.