Jokin Aranalde "lasai, ondo eta tenple handiarekin" ikusi du bere abokatuak

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 18a, 15:49
Ibarran elkarretaratzea egin dute Aranalderen askatasuna eskatuz
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea gaur goizean pasa da Espainiako Auzitegi Nazionaletik, Ainhoa Baglieto abokatua alboan zuela. Fernando Andreu epaileak behin behinean espetxeratzeko agindua eman du, izan ere, Ismael Moreno epaileari zegokion kasua, eta bera ez zegoenez, Andreuren esku geratu da goizeko zitazioa. Erabakia, ordea, Morenok hartu beharra dauka, eta hori gertatu bitartean, Aranaldek Soto del Realeko espetxean egon beharko du.
Ainhoa Baglieto abokatua eguerdian egon da Jokin Aranalderekin, eta "ondo, lasai eta izugarrizko tenplearekin" ikusi duela esan dio sendiari. Senideak zain gelditu dira, Aranaldek etxera noiz deituko. Deia ondorengo orduetan jasotzea espero dute. Iluntzean, 20:00etan, ibarran eskualdeko manifestazioa egingo dute, atxiloketa salatu eta herritarraren askatasuna eskatzeko. Mobilizazioa herriko plazatik irtengo da.

 

Atxiloketa
Jokin Aranalde ibartarra atzo atxilotu zuten 16:00ak aldera, Beskoitz inguruan. Lau autok inguratu zuten Aranalderen kotxea eta pistolak eskuan, atxilo hartu zuten. Zuzenean Espainiako Polizia Nazionalaren esku utzi zuten Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea.

Gotzone Ijurko emazteak azaldu zuenez, bera bertan zen, atxilo unea bortitza izan zen. Ondoren, polizia etxetik 17:45ean deitu zioten sendiari, Aranalde Donostian zegoela esateko. Osasun arazoen berri eman zien senideek poliziei, eta hauek lasai egoteko erantzun zieten, medikuak ikusi zuela eta botikak ere jasoko zituela esanaz. Hamar minutura, berriro deitu zieten polizia etxetik senideei, berriro ere mediku ikuspegitik lasai egoteko esanaz. Dei horietako batean Aranalderen emazteari galdeketa egiten saiatu zitzaizkiela esan dute iheslariaren gertukoek. Iluntzean ez zekiten senideek Aranalde inkomunikaturik zegoen ala ez.
 
Atzo iluntzean Ibarran 180 lagun inguru elkartu ziren elkarretaratzean, Jokin Aranalderen askatasuna eskatuz. Gaur hitzordua 20:00etan jarri dute, herriko plazan. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, aldiz, gaurko antolatu du elkarretaratzea, 19:00etan, Hendaiako Kasino zaharrean.
 
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidetzaren kideetako bat da Aranalde. 1946an sortu zen Gaztelun.  Frantziako Poliziak 2013ko ekainaren 24an atxilotu zuen Heletan (Lapurdi), Miarritzen egindako Herria dugu Arnas ekitalditik astebetera. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 12an plazaratu zuen mintzaideen zerrenda, eta horretan ageri zen Aranalde.
 
Pasa den urteko irailean onartu zuen Paueko auzitegiak Jokin Aranalde iheslari gazteluarraren aurkako euroagindu eskaera. ETArentzako militanteak atzematea leporatzen diote Aranalderi Espainiako epaileak igorri duen euroaginduan. Jokin Aranalderen abokatuek helegitea aurkeztu zuten.
 
Jokin Aranalde azken 11 urteetan bizi izan da Iparraldean, bizitza publikoa eginez, eta agerraldietan ere parte hartuz. Gazteluarra da jaiotzez, baina urte luzez Ibarran bizi izan zen. Frankismo garaian bi aldiz atxilotu zuten, 1967an eta 1968an. Ondoren, 2002an, berriro atxilotu zuten. 12.000 euroko fidantzapean askatu zuten azken atxiloaldi horretatik; aurrekoetan bezala, torturatua izan zela salatu zuen. Aske geratu eta hilabete gutxira, atxiloketa berri batzuen eta ondorioz berriro ere torturatua izateko beldur zelarik Iparraldera egin zuen ihes.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!