Ofizialtasuna lortuta, «pozik» Ibarrako Sokatira taldeko kideak

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 24a, 16:35
Euskal selekzioa kide ofizial da aurrerantzean Nazioarteko txapelketetan

Euskadiko Herri Kirol Federazioa (EHKF) Nazioarteko Sokatira Federazioan (TWIF) sartu berri da, eskubide osoko kide ofizial bezala, eta ondorioz, Basque Country izenarekin jokatu ahalko du euskal selekzioak txapelketa ofizialetan. Hala izango da, esaterako, Amerikako Estatu Batuetan abuztuaren 28tik 31ra jokatuko den Munduko lur gaineko Txapelketan. Txapelketa horretan ez dute Ibarrako Sokatira taldeko kideek parte hartuko, goma gainean berezitu baitira orain arte. Datorren urteko goma gainekoan, ordea, izango dira lehian euskal selekzioa ordezkatuz. Berria poztasunez, eta gainerako federazioetara zabaltzeko pauso moduan hartu dute.

Eugenio Lopetegi Ibarrako Sokatira taldeko ordezkaria «pozik» dago, aurrerantzean euskal selekzio moduan parte hartu ahalko dutelako txapelketetan. Orain arte, euskal selekzioak Spain izenarekin parte hartu beharra zuen, eta hori dela eta, ukatu egin izan dira modu horretan parte hartzera: «Ibarraren kasuan, selekzio bezela ez, baina, klub moduan parte hartu izan dugu».

Aurtengo txapelketan, ordea, lehenengo aldiz aritu dira selekzio moduan, baina, baldintza batzurekin, ereserkirik ez izatea eta ikurrina elastikoetan jartzea, alegia: «Federaziotik eskatu ziguten, esperantza bazutelako laster euskal selekzioa ofizial egingo zela». Lopetegiren ustez, erabaki honek sokatira berari bultzada emateko ere balioko du, eta «pixkanaka beste kirol federazioetan ere euskal selekzioa ofizial egiteko itxaropena handitzen du».

Josune Gorostidi gazteluarra sokatira taldeko tiralaria da, eta berak nabarmendu duenez, «urte ugari aritu dira ofizial izatea  lortu nahian lanean, beraz, oso pozgarria izan da aurrerantzean Euskal Herria moduan parte hartu ahalko dugula jakitea».

Ibarrako Sokatira taldea goma gainean aritu da lehian orain arte, eta estreinakoz aurten egin du saiakera lur gainean. Ondorioz, abuztuko txapelketan ez dira izango, baina, datorren urtean Europan izango den txapelketan eskualdeko tiralariak bertan izatea espero dute. Horretarako, Euskal Herriko Sokatira Txapelketan irabazi beharko dute sailaren batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!