"Guztiona den hori gestionatzen duenak sentitu behar du herriaren presioa"

Mikel Iraola 2014ko urr. 30a, 11:58

Patxi Zamora Kontuz! elkarteko kidea da, eta gertutik bizi izan du Nafarroako Kutxaren inguruan sortutako ustezko ustelkeria kasuen inguruko gora behera guztia. Bihar, 19:30ean, Subegi Elkartean hitzaldi bat eskainiko du gai hori oinarri duen 'El banquete. Expolio y desaparición de la CAN' liburuari buruz; bera da liburuaren egileetako bat.

Zeren inguruan hitz egiten du liburuak?
Nafarroako finantza instrumenturik garrantzitsuena nola desagertu zen kontatzen du liburuak. Baina ez hori bakarrik. Nafarroan azken 15 urteotan baliabide publikoak nola kudeatu diren ere azaltzen du. Pertsonaiak arduradun politikoak dira, eurak baitziren bankuaren arduradunak. Horrez gain, estatuan maila handia duten zenbait pertsonen parte hartzearekin zer gertatu den ere azaltzen dugu; adibidez, Ricardo Marti-Fluxa, Mayor Orejaren garaian estatuko idazkari izandakoarena, Zurichen ETArekin negoziatu zuena, eta Erregearen etxeko protokoloaren arduradun izandakoarena.

Zer gertatu zen?
Ondorioa eta arrazoia lotuta daude. CANen desagerpena munduan dagoen krisiaren ondorioa dela sinetsarazi nahi izan digute, kreditua desegin egin dela... Baina, hori ez da egia. Guk dakiguna justiziaren esku jarri dugu. Izan ere, zenbait megalomania egin izan ditu zuzendaritzak, eta arduradun politikoek babestu egin dituzte. Ez da ahaztu behar enpresa osoaren zuzendari orokorraren atzean administrazio kontseilu bat dagoela, eta kontseilu hori Miguel Sanz eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariek zuzendu izan dutela. Onartezinak diren zenbait inbertsio egin dira kontseiluko kideek parte hartzen zuten enpresetan, ezagunei lursailak neurrigabeko prezioetan erosi zaizkie, aurrejubilazioak eta fitxaketak egin dira, opariak, Washingtongo bulegoa erostea... Faktore horiek guztiek eragin zuten CAN desagertzea.

Nola gertatu zen?
Nafarroako bi kutxen da sorburua, eta hori guztia nola gertatu zen kontatzen duen eguneroko moduko bat daukagu. Guk dugun teoria politikoa, 90. hamarkadatik honako paperetan, aitorpenetan eta gertakarietan oinarrituta dago. Nafarroako bi kutxen arteko bateratzea positiboa zela esaten zuten teknikariek bezeroak eta bulegoak elkarri kentzen zizkiotelako. Hortik aurrera, ez zen beste bateratzerik begi onez ikusi. Kutxarena akaso, logikoa zen. Baina, bateratzearen aurreko bi Nafarroako kutxetako zuzendari ohiekin hitz egin genuenean, horrelako konturen bati buruz hitz egiten bazuten UPNk ideia errotik mozten ziela adierazi ziguten.

Horren helburua kutxa euskaldun-nafar bat sortzeko ideia erabat deuseztatzea zen. Garai hura Lizarra-Garazikoa da. PPk bere mandatariak ETArekin negoziatzera bidali zituen garai hartan. Udalbitzaren gaiak kezkatuta zituen. Lurraldeen bateratzearekin arduratuta zeuden. Eta horrelako gai guztietan bezalaxe, ekonomia oso garrantzitsua zen. Hortaz, bateratze hark euskal kutxa publiko bat sortzeko posibilitatea sortzeak, garrantzia handia zuen eurentzat. Marti-Fluxa bezalako mandatari bat bidalita helburu politikoa argia da. Horixe gertatu zen Urralburu edo Roldanekin ere bai, eta ondorioz, erabateko babes politikoarekin pertsona askok diru asko irabazi zuten.

 

Pelikula bat dirudi, baina errealitatea da...
Ikerketa egiten hasi ginenean iritsi zitzaizkigun gauzekin harrituta gelditu ginen. Botere betearazlea zutenen irrika harrigarria zen, baita segurtasunaren ardura zutenen arduragabekeria ere. Izan ere, ez dugu ahaztu behar orduan kontrolaz arduratzen zen komisioko burua Barcina zela. Axolagabekeria erabatekoa zen. Dieten kontua argitaratu izan ez balitz Sanzek eta Barcinak milaka euro jasoko zituzten, ezer ez egiteagatik. Beste batzuek black txartelak eramaten zituzten, baina hemen ez zuten horrelakoren beharrik izan.

Nolakoa izan zen ikerketa lana?
Lan luzea eta gogorra izan zen. Informazio iturri askotara jo behar izan genuen, baina pixkanaka lortu genuen informazioa eskuratzea. Segurtasun neurriak hartu behar izan genituen. Salaketa juridikoak egiten hasi ginenean jada konturatu ginen gure telefonoak soinu arraroak ateratzen zituztela. Lana, berriz, kazetaritza ikuspegitik oso polita eta oso gogorra izan zen.

Gobernuko gizarte politiketako kontseilari eta kutxako zuzendari orde ohia ustezko diru zuritze kasu batean sartuta zegoela jakin genuen, 200.000 euro 500 eurotako billeteetan aldatzeko eman zituenean. Hori salatu genuen, kargua utzi behar izan zuen bi egunetara, baina nik jada lehenengo salaketa jaso nuen. Navarra Building-en kasua salatu genuenean jaso nuen Barcinarengandik bigarren kereila. Kontuz ibili behar izan genuen.

Ez zizueten gelditu, ordea.
Atzera begiratuz gero, konturatzen naiz ondo egindako gauzez, prentsaurrekoak kasu. Baina eman genituen baino, eman gabe geratu zirenak izan ziren. Izan ere, agerraldi bat egin genuen bakoitzeko, beste bat prestatua genuen, uste genuelako gobernuak gogor erantzungo zigula. Ez zen hori gertatu. Erantzunak oso ahulak izan ziren, guk kontatu genuen oro egia zelako. Nafarroako Kutxatik desagertutako ondasunen zerrenda bat argitaratu genuen, eta oraindik inork ez du erantzun... Ez kutxak, ez La Caixak, ez gobernuak... Inork ez. Pentsatu banketxe batean lapurtu duzula, diruarekin alde egin duzula lasai lasai eta ez zaizula ezertxo ere pasa. Ba han gertatutakoa gauza bera da.

Pentsa, Barcinak dietetan kobratutako guztia itzuli behar izan du. Erosi zituen luxuzko ordulariak ere bai. Kutxako lehendakariorde zenean, bere senarrak bulegoak erosi zituen. Bere amarekin batera sekulako dirutza gastatu zuen VIP produktuak erosten. Hau guztia salatu da, baina non bizi gara? Sistema demokratiko hau 'bananeroa' da. Eta duintasun minimo bat berreskuratzeko ari gara lanean, hau onartezina baita.

Ondorio politiko eta sozial nahikorik ez izana sinesgaitza zaizu?
Bai, guztiz. Baina ondorio sozialekin gustura gaude. Egin genuen azkeneko manifestazioan, 35.000 pertsona bildu ziren. 50 urte ditut eta sekula ez dute horrenbeste jendeko mobilizazio bat ikusi hemen. Jendea oso nazkatuta dago. Prozesu honekin zerbait lortu badugu, hori da Nafarroan urtetan izan den erregimen horren zimentuak mugitu ditugula. Ahul eta banaturik daude UPNn. Horregatik diot sozialki zerbait lortu dugula. Ondorio politikoei dagokienez... begira, hitzaldian ematera joan izan garenean jende askok galdetu izan digu ea noiz joan behar ote duten espetxera. Nik erantzuten diet zoritxarrez asko dakigula kartzelen inguruan. Baina ondorio horiek ikusteko daude. Lan hau datozen hauteskundeetara begira egin dugu, jendeak esan ez dezak “nik ez nekien hori gertatu zenik”. Zentzu horretan helburua lortu dugu, sei edizio argitaratu baitira eta Nafarroako sektorerik kontserbadoreenak ere irakurri duelako. Denon artean aldatu behar dugu sistema, ondasun publikoen erabilera zuzena izan dadin.

Duela gutxi Auzitegi Nazionalak berretsi du ez duela irekiko 'CAN auzia'. Oztopoa izaten ari da justizia?
Espero genuen erabaki hori, dieten kasuaren parekoa zelako hau. Erabaki hori, gure ustez, guztiz politikoa da, eta argudioak lotsagarriak dira. Epaiak dio Barcina, Sanz eta gainontzekoak hor zeudela norbanako gisa, eta ez Iruñeko alkate edo Nafarroako Gobernuko presidente izanagatik. Eta hori argia da. Gainera, entitateko estatutuetan horrela agertzen zen. Zoritxarrez politikak zeresan handia du justizian, botere banaketa ez baita existitzen. Gure esperantza orain da Velasco epaileak erabakitzea kasua Auzitegi Nazionaletik berriro ere Nafarroako Auzitegira itzultzea. Bertan Mari Paz Benito epailea aritu izan da ikertzen. Guk, bitartean, ikertzen jarraituko dugu eta horretan ari gara, gure helburua egia jakitea baita, bidean erortzen dena edonor dela ere.

Lanean jarraitzen duzuela diozu. Bigarren liburu bat izango da?
Galdera ona. Primizia bat emango dizut, orain arte ez baitiogu inori esan. Ez dizut ezezkoa esango. Erabakia hartzeko zain gaude, baina prozesu luzea falta zaigu oraindik.

Zer ikasi duzu prozesu luze honetatik?
Ezin dugula sineskor edo inuzenteak izan. Duela 17-18 urte antzeko liburu bat argitaratu nuen: 'Urralburu, corrupción al servicio del estado'. Pentsatu nuen hori guztia gertatu ondoren kontrol gehiago egongo zela goi kargu horietan. Nire harridurarako, hainbat urte beranduago antzeko kasu batekin egin dugu topo: antolatua zuten sarea, karguak, funtzionamendua... Oso antzekoa da. Horrek zer esan nahi du? Sistema demokratikoak ez duela funtzionatzen, ez baita gardena. Saldu diguten sistema hau ez da inoiz demokratikoa izan eta gauza asko aldatu behar dira.

Eta aldaketa hori geratzeko, zer egin behar da?
Guztion esku dago. Hiru alderdi daude: politikoa, juridikoa eta soziala. Politikoki, bozka ematea legoke. UPN eta PSNk osatutako gobernua negargarria izan da 40 urtetan. Juridikoki, salaketa guztiak eginak daude Kontuz Elkartearen bitartez. Eta sozialki, mobilizatzea eta gobernuan daudenei presioa egin eta ardurak eskatzea besterik ez zaigu geratzen. Lau urtez behin bozkatzeak ez gaitu eginbehar horretatik salbatzen. Guztionak den hori gestionatzen duenak sentitu behar du herriaren presioa, zentzu guztietarako.

Kutxabanken prozesuak badu antzekotasunik?
EH Bilduk eskatuta, Legebiltzarrean izan nintzen lan mahai baten aurrean. Bertan PSEko Txarli Prietorekin eztabaida bat izan nuen. Hark esaten zuen Nafarroan delinkuentzia izan zela, eta EAEn ez zela hori gertatzen. Nik galdetu nion soilik ea fundazio horietako kideak zein modutan aukeratu ote zituzten: norbanako gisa ala erakunderen bateko ordezkari gisa.

Beste kontu bat da fundazio horiek demokratikoki aukeratuak behar dutela izan. Eta uste dut hori ez dela horrela izan. Horrek monarkia paralelo bat sortzen du kargudunen artean. Izan ere, pertsona izugarriak izan daitezke eta guztia ongi irten daiteke. Baina baliteke ezetz. Eta kasu horretan nork kontrolatzen du hori? Nafarroan bizitako esperientziak balio beharko luke han izan ziren pluraltasun eta obskurantismoa ez errepikatzeko.

Begira, Goñi, Sanz, Barcina eta UPNko gainontzeko kideak kutxako agintera iritsi zirenean egin zuten lehen gauza izan zen Euskal Herritarrok eta Eusko Alkartasunako kideak erabaki organoetatik at uztea. Hori zihurtatzen duten dokumentuak ditugu. Are gehiago, prentsaren aurrean erantzun egokiak eman ahal izateko paperak ematen zizkieten, balin eta kazetariren batek hori zergatik egin ote zuten galdetzen bazien. Une hartan, deserosoak ziren lekukoak kendu zituzten, eta susmoa dut Gipuzkoan berdin egin dutela. Pluraltasuna badago horrelako entitate batean, jende guztia azti izango da horrelako ezer ez gertatzeko. Pluraltasuna kentzen badiozu, erabakiak gutxi batzuren esku utziaz, gaizki joateko arriskua dago. Horregatik uste dut gaizki egin direla gauzak.

CAN Auziaren inguruan Ateak Irekik egindako dokumentala:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!