Oier Iribarrenen aldeko gau musikatua antolatu dute herritarrek gaztetxean

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 17a, 15:00

Su ta Gar taldea eta hiru Dj ariko dira gaztetxean abenduaren 26an. Sarrerak 10 euro balio du eta Ibarrako Ataria eta Sendi Ekintza tabernetan daude salgai.

Ibartarrek Oier Iribarrenen eta Stop Sanfilipporen alde lanean jarraitzen dute. Hurrengo zita abenduaren 26an izango da. Gau berezia prestatu dute gaztetxean. Su ta Gar taldearen kontzertua izango da eta ondoren hiru dj ariko dira musika jartzen: Dj Bull, DJ Ninhodelosrecaos eta DJ Morrison. Sarrerak 10 euro balio du eta Ibarrako Ataria eta Sendi Ekintza tabernetan daude salgai.

Asier Gonzalez antolakuntza lanetan dabil, eta berak azaldu bezala  irailaren 27an Ibarran antolatu zuten Stop Sanfilippo egunaren «jarraipena» da honakoa. Egun arrakastatsua izan zen irailekoa, «harrera oso ona» izan zuten eta «espero baino jende gehiago» bildu zen Ibarran. Guztira 12.000 euro ateratzea lortu zuten burututako ekintza ezberdinekin: Sendi Ekintzako zozketa, enkantea, bazkaria...

Egun hartan, Su ta Gar taldea Ibarrara ekartzen saiatu ziren, eta taldea «prest» agertu zen Iribarreni laguntzeko, baina data horretan ezin zuten. Data libre bat aurkitzen zutenean ibartarrekin kontaktuan jartzekotan gelditu zen taldea, eta horrela izan da; abenduaren 26an Ibarran jotzeko prest agertu baita. Aipatu bezala, Eibarko taldeaz gain Dj ezberdinak ere ariko dira gaztetxean gaua osatzeko. Irurako Dj Bull ere «inongo zalantzarik gabe» Iribarrenen alde egiteko prest agertu zen, eta bakarrik ez aritzeko, bere kontaktuetara jotzea erabaki zuen. Vilafranca del Penedeseko Dj Morrisonekin eta La Pegatina taldeko Dj Ninhodelosrecaosekin hitz egin zuen, eta zertarako zen azaldu zietenean «erabat gogotsu» azaldu ziren laguntzeko. Hirurak «gerriak astintzen» saiatuko dira eta festa jartzeko «gogoz» etorriko dira Ibarrara. Nahasketa musika jarriko dute, «dantzagarria».

Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarren Oier Iribarrenen gurasoak diraeta beste behin ere «esker ona» adieraztea besterik ez dutela uste dute. Irailaren 27an Ibarran ospatu zen Stop Sanfilippo egunean eta egun hartan ospatu zen Irribandan «diru pila bat» biltzea lortu zuten.

Baina, elkartasunak ez du mugarik eta abenduaren 26ko jaiagatik ere «eskerrak» eman nahi izan dituzte Aizpuruak eta Iribarrenek; eta bereziki eskertu diete egindako lana antolatzaile lanetan dabilen Asier Gonzalezi eta Dj Bullei. Gainera, Dj-ak «musutruk» etortzekoa dela ere «eskertzekoa» dela adierazi dute. Eta Su ta Gar bezalako talde bat «Oierretaz gogoratzea» eurentzat «ohore» bat dela aipatu dute.

Horregatik, «inguruko jende gazteari» gonbidapena luzatu diete Ibarrako gaztetxean egingo den festara, «musika ekitaldi polita» izango baita. Izan ere, musikari dagokionez gau polita pasatzeko aukera izango da, baina horrez gain Iribarreni eta Stop Sanfilippori laguntzeko aukera bikaina izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!