Bihotzez bihotzetara iristeko lanak bildu ditu Mattinek

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 14a, 09:00

Iñaki Martiarena esanda askori ez zaio bere lana bururatuko, baina bai marrazkilari bezala erabiltzen duen Mattin ezizena aipatuta. ‘BIOtzez’ erakusketa jarri du Ibarran.

Belardoren abenturen berri ematen du astero, Berria egunkariaren Mantangorri gehigarrian, eta urteetan umore grafikoan ere aritua da. Orain, ordea, buelta bat eman dio bere sorkuntzari eta formatua aldatzeaz gain kolorearekin ere aritu da saltsan. Iñaki Martiarena Mattinek BIOtzez erakusketa jarri du Ibarrako kultur etxean eta bertan umore grafikoko lanez gain, ilustrazio lanak ere bildu ditu. Sortzaileari hitzekin jolastea gustatzen zaiola dio, eta hortik erakusketa aurkezteko prestatutako orrietan egindako hitz jokoa: BIOtzez BIOntzat BIhOtzetik BIhOtzera. «Hitzarekin jolastea asko gustatzen zait; bihotzez egindako lanak dira eta puri-purian dagoen kontua da biologikoa, biodantza... eta guzti hori. Bi horiek uztartuz atsegina sortaraztea izan da nire asmoa», esan du.

Erakusketa bi multzotan banatu du, batetik, umore grafikoko lanak ikusi daitezke DIN A4 formatuan eta tinta txinatarrarekin eginak, eta bestetik, azken urteetan jorratutako ilustrazioa eta eskuz egindako irudiak daude. «Bi generoak nahastu ahal dira, baina ilustrazioa koloreetan egin dut, atseginagoa dira, estetikoki politagoak, behar bada. Nire bilakaera da, baina azken finean umorea erabiltzen dut eta hitzekin jolasten dut», azaldu du. Kolorearen tratamenduan ere aldaketa eman du; «Ni ez naiz margolaria, koloreen mundua beste hizkuntza bat da, eta ohartu nintzen ez nekiela deus ere ez horretaz. Gabezia hori ikusi nuen nigan, eta hortik hasi nintzen. Kolorea lantzeko gogoa edo beharra ikusi nuen. 25 urte daramatzat esparru honetan eta azken hamar urteetan ilustrazioan ere aritu izan naiz; margo tailerrak ematen... eta hor ikusi nuen jorratu beharreko bide bat ikusi nuen».

Duela urte eta erdi hasi zen erakusketak egiten, «batez ere ezagutarazteko» asmoz: «Urte eta erdi honetan nire lanean eman da bilakaera bat. Badakit zeintzuk diren nire mugak, muga teknikoak, baina bai ikusten dudala bilakaera bat. Marrazkitik pintura aldera jo dut. Ni neu marrazkilaria naiz, gauzak kontatzen ditut, baina bai ikusi dudala aldaketa bat lanaren ondorioz, orduak eta orduak sartuta. Hala ere, mugak onartzen ditut».

Urteetan euskarazko prentsan umore grafikoa landu du eta orain bere lana «egunerokotasunetik aldentzen» aritu da. «Lan egiteko modua eta formatua aldatu ditut. Erakusketa honek ematen dit aukera formatu handiagoan aritzeko, DIN A3an, eta prentsak ez dizu aukera hori ematen; formatu txikian egin behar duzu lan, beti presaka... Hau fisikoagoa da, eskuz egindako lana, jakina ordenagailuz ere egin ahal dut, baina formatu aldaketa eman dut batez ere».

Herriz herri ibiltzeko nahia
«Eta herriz herri joan ahal izatea ere gustatzen zait, kultur etxeetan, tabernetan, edo dena delakoetan. Orain hemen dago, Ibarran, eta abenduan Zumaian erakutsiko dut erakusketa, baina irekita nago beste leku batzuetan jartzeko, Tolosaldeko beste herri batzuetan esaterako. Norbaitek interesa balu Ibarrako kultur etxera deitzeko», esan du.

Marrazteak ezinak bideratzen laguntzen diola ere azaldu du Mattinek: «Nahi nukeena adierazten dut lanekin, ezinak edo minak bideratzeko modu bat da. Niretzako hau mina gainditzeko modu bat da, umore ona –edo txarra- mina gainditzeko modu bat da. Hobetzeko, edertzeko edo gainditzeko modu bat da. Forma eman diot ezinari». Horretaz gain, plazerra sentitzen du sormen lanak egiterakoan eta ikasteko modu bat ere badela dio. «Erakusketak ez dauka zama intelektualik, horretaz ere ohartzen naiz, ilustrazioa da, erraz ulertzen dena... Herrikoia izan daiteke alde horretatik, ez da kritikoa, itxia. Umore grafikoko lanak ere ez. Nik erdia egiten dut eta beste erdia irakurleak, eta beraz, hori besteek ere esan beharko dute, hala ere».

Lan ia guztiak eskuz eginak daude, baina badira ordenagailuz egindako lan gutxi batzuk ere. Donostiako kantari bati egindako diskorako ilustrazioak dira. «Bere diskoan oinarrituta ilustrazioak egitea izan zen proiektua eta berarekin oroitu naiz eta erakusketan sartu dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!