«Helburua gazteek aurrea hartzea da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 1a, 13:05

Ibarrako 0 eta 30 urte arteko haur, nerabe eta gazteei zerbitzu bateratu bat eskaintzeko prozesuko lehen fasea bukatzear dago. Bi hezitzaile daude lanean buru-belarri

Jendea batez ere, plazan eta frontoian biltzen da. Arratsaldetan sumatu dugu ere mugimendu gehiago, nahiz eta udararekin hori ere aldatuko dela pentsatzen dugun», esan du Eneko Etxeberria Azurmendi hezitzaileak, orain arte Ibarran egindako bileretatik ateratako ondorioez galdetuta. Batez ere, 12 eta 14 urte arteko gazteei begirako zerbitzua diseinatu behar dela uste dute Etxeberriak eta baita Itsaso Perez Arozenak.

Biak Kalexka enpresako hezitzaileak dira, eta Ibarrako 0 eta 30 urte artekoen beharrak aztertzen ari dira zerbitzu bateratu bat eskaini asmoz. Diagnosia egiten daude, oraindik ere bilera batzuk egitea falta zaizkie, baina gehienak egin dituzte jada, eta uztaila jasotako informaziotik ondorio nagusiak biltzen emango dute. Irailean dena prest edukitzeko. Ibarran oso harrera ona egin dietela ere esan dute, eta oso pozik daudela jasotzen ari diren laguntzarekin. 0 eta 30 urteko zerbitzu bateratua egiteko Gaztematika sistema publikoa erabiliko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udaletako gazteria-arloek sustatutako sistema, hain zuzen, tartean Ibarrakoak.

«Gutxi falta zaigu. Udaleko teknikariekin eta herriko hainbat eragilerekin egon gara jada eta iritzi asko bildu ditugu. Geratzen zaizkigun eragileekin bi eztabaida talde egitea falta zaigu eta gazteekin bi tailer antolatu ditugu jolasen inguruan beraien interes eta nahiak ezagutu asmoz. Baina azken bilerak egitea besterik ez zaigu falta», esan du Perez Arozenak.

12 eta 14 urte artekoak

Geratzen zaizkien bileretatik 12 eta 14 urte arteko gazteekin egin behar dituztenak dute garrantzia berezia bi hezitzaileentzat: «Gazteen bilerak egitea oso garrantzitsua da guretzat. 12-14 urte artekoen artean dago hutsunea gure ustez. Ekintza eta aisialdi aukeren aldetik hutsunea dago. Zintzilik geratzen dira», gaineratu du Perez Arozenak.

Zentzu horretan beraien proposamena lokal bat jartzea da; «biltzeko tokia eduki behar dute. Elkartu, beraien artean nahastu eta harremanak zein parte hartzea sustatzeko. Oso garrantzitsua da ere beraiek antolatu eta gunea eurek eramatea, heldua izateko prozesu horretan ardurak hartzea oso garrantzitsua baita», gehitu du. «Lokala gazteentzako izatea nahi dugu eta beraiek eramatea. Gu egongo gara hor, baina garrantzitsuena da ateratzen diren ekintza guztiak beraiek proposatzea, gauza txikienetik handienera. Beraiek aurrea hartzea, hori da helburua», gaineratu du Etxeberria Azurmendik.

30 urte bitartekoak

Adin horretarako gazteez gain, 30 urte artekoekin ere bildu nahi dute hezitzaileek. «Lokaletako jendearekin ere bildu behar gara, beraien beharrak identifikatzeko. 30 urte artekoak lokaletan biltzen dira eta zein behar dituzten ikusi nahi dugu», esan du Etxeberria Azurmendik. «Badakigu Euskal Herria kalean badaudela gazte lokal pare bat eta adin horretako gazteak bertan daudenez, beraiekin bilduko gara iritziak entzuteko. Gazteen alokairuzko etxebizitzetan ere galdetuko dugu», esan du hezitzaileak. Izan ere, Euskal Herria kalean dauden alokairuzko etxebizitzan 30 urte arteko gazteak bizi dira. Gazteagoen iritziak biltzeko udaleku irekiak aprobetxatu dituztela esan dute.

Uztaila bitarte, hortaz, prozesu honekin jarraituko dute, hau da, jasotako informazio guztia bildu eta «sistematizatzen», horrela aterako baitituzte ondorioak. «Bulegoko lana geratzen zaigu eta irailerako eginda izango dugula espero dugu», gaineratu dute.

Bilera irekiak

12-14 ARTEKOEN IRITZIAK

Uztailak 2, bihar. Jolasen bitartez iritziak biltzeko hitzordua, 11:30ean, Emeterio Arreseko aisialdi gunean.

Uztailak 3, etzi. Jolasen bidez iritziak biltzeko hitzordua, 17:30ean Emeterio Arreseko aisialdi gunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!