Leialtasunak saria du

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 26a, 19:16
Ibarrako Merkatari Elkarteko kideak eta Goienetxe Fundazioko kideak elkarlanean, landareak prestatzen.

Beraien komertzioetan erosketak egiteagatik, piper landarea oparituko dute Ibarrako merkatariek bihartik aurrera.

Ibarrako Merkatarien elkarteak Udaberriko kanpaina jarri du abian, Ibarran hazi, hezi, erosi izenekoa. Bezeroek herriko dendekiko duten leialtasuna eta erosketak Ibarran egitea saritu nahi dute elkartetik. Horrela, Montesen laguntzarekin piper landareak oparituko dituzte beraien establezimenduetan egindako erosketen artean.

Landareak prestatzeko erabilitako lurra Ibarrako konpostetatik sorturikoa da. Merkatarien elkartetik Goienetxe Fundazioko kideen lana eskertu dute: «Behar-beharrezkoa da beren lana landareak prestatzeko. Beraiek lagunduko digute loreontzi zoragarri hauek sortzen, beraz, mila esker beraien laguntzagatik».

Elkartetik nabarmendu dute banatuko duten landarea piperrarena izatea. «Zer da bereziago Ibarran piperra baino? Gure landareak zuen etxeetan haztea nahi dugu, eta gure herrian ematea beren fruituak», zehaztu dute herritarrei zuzenduz. Elkartetik gaineratu dutenez, «Ibarran erosten jarraitzea nahi dugu, gure herriak bizia izango badu beharrezkoa delako dendak bizirik egotea. Horregatik pentsatu dugu landarea oparitzea».

Hori horrela, deia egin diete herritarrei Ibarrako dendetan erosteko: «Ibarrako uzta oparoa izatea nahi baduzue, herria bizirik mantentzea nahi baduzue eta aurten piper goxoez gozatu nahi baduzue, gure dendetan erosi besterik ez duzue egin behar».

Udaberriko kanpainarekin bihar hasiko dira, eta landareak amaitu arte jarraituko dute opariak egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!