Dantzak plazaratzeko ordua

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 27a, 13:07

Ibarra Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako 450 dantzari txiki eta gazteren bilgune izango da bihar, larunbata, Alurr Dantza Taldeak antolatutako Alurr eta Dantzari Txiki Egunaren harira.

Lehen urtero ospatzen zuten eguna zen Dantzari Txikirena, baina antolakuntza lanetan ibili den Izaskun Urrestarazuren esanetan «gero eta zailagoa» zen kanpoko dantza taldeak ekartzea, eta horregatik erabaki zuten bi urtetik behin egitea. Egun horretan Euskal Herriko dantza talde ezberdinak ekartzen saiatzen dira, «desberdintasunak» ikusteko asmoz. HH2 mailatik hasi eta 6. maila bitarteko haurrak izango dira ibartarrak.

Goizean plazan elkartuko dira guztiak eta dantza batzuk eskaini ondoren, Azkue eta Emeterio Arrese auzoetara mugituko dira, festa herrian «zabaltzeko». Emanaldi nagusia eguerdian plazan egingo dute, eta ondoren, kanpotik etorritako dantzari guztiak Ibarrako haurren etxeetara joango dira bazkaltzera. Arratsaldean Joxe Mendizabal izango da erromeria girotzearen arduraduna. Iluntzean, taldeko helduak izango dira emanaldia eskaintzearen ardura izango dutenak.

«Urteko egunik politena»

Alurr Dantza Taldeak 2008an berreskuratu zuen Dantzari Txiki Eguna Eli Nosellas taldekidearen esanetan: «Dantza taldea umeekin eta gazteekin indartu genuenean». Alurrek beti aurrera egin ahal izateko atzetik datorrena «ikusi eta ikasi» du Nosellasen esanetan, eta atzera begiratze horretan erabaki zuten lehen ere ospatzen zen egun hura berreskuratzea.

Egun berezia izaten da taldekideentzat honakoa, Urrestarazuren esanetan «urteko egunik politena»; bereziki azpimarratuko lituzkeelarik kanpoko dantza taldeak, eta dantza berdinetan ikusten diren aldaketak ikusteak sortzen duen berezitasuna.

Dantzari Txikiaz gain, Alurr Eguna ospatzea «dantza talde guztiak urte guztian egin duen lana eskaintzea» da Nosellasen esanetan, eta gazte asko egun honen «zain» izaten dira. Emanaldi hau herrian eskaintzea ere berezia da «herriko dantza talde bat» direlako, eta «herrian mantentzeak» garrantzia duelako. Horregatik, «herriko ekitaldiak gero eta gehiago bultzatzen» ari direla dio Nosellasek. Gainera, herriko plazan dantza egiteak eta gertuko jendea begira izateak «urduritasuna» ere sortzen die txikienei.

Inguruko herritar guztiei «gonbita» luzatzen diete bihar Ibarrara gerturatzeko.

Udaberri mugitua

Azken asteetan emanaldi asko eskaini ditu Alurr Dantza Taldeak, Tolosaldean ere herri asko bisitatu dituztelarik. Herriko taldea izan arren, beste herri batzuetara joaten ere «saiatzen» direla dio Urrestarazuk, eta hori ere «polita» eta «garrantzitsua» dela uste du, bai eurena zabaltzerako orduan, baina baita besteek egiten dutena ikusterakoan ere. Udaberri-uda garaia eta bereziki uda «oso indartsua» izaten dute.

 

DANTZARI TXIKI EGUNA

BIHAR, MAIATZAK 28

10:00. 450 dantzari txiki eta gazte elkartuko dira San Bartolome plazan, eta kalejiran ibiliko dira. 12:00. Emanaldi nagusia, San Bartolome plazan.

16:00. Erromeria egongo da 18:00ak arte, giro paregabean. 20:15. Alurr Dantza Eskolako talde guztiek Sorkuntza Tradiziotik emanaldia eskainiko dute, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!