Europako hirugarrenak

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 27a, 13:15

Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia ibartarrak Europako Abentura Raid Txapelketan izan dira.

Uztailaren 20tik 24ra Europako Abentura Raid Txapelketa jokatu zen Aran bailaran, Herrialde Katalanetan. Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia bertan izan dira, EuskalRaid-Aralar Kirolak taldearekin. 

Thule Adventure Team suediarrak izan ziren txapelketaren irabazleak, hau da, Europako txapeldunak. Bigarren postuan Black Hill / OpavaNET txekiarrak gelditu ziren. EuskalRaid -Aralar Kirol taldeko kideak podiumaren hirugarren koskan gelditu ziren.

Helmugara iritsi ondoren ez zekiten euskaldunek hirugarren postua eurena edo Snack Gods Raid Team talde kataluniarrarena izango zen. Azken hauek geldialdi bat egin behar izan zuten. 2 ordu eta 10 minutuko tartea izan zen. Ondorioz, oraindik denbora zuten hirugarren postuaren jabe izateko, beti ere proba guztiak abiadura egokian egiten baldin bazituzten. Azken unera arte ez zen jakin, beraz, podiuma nork osatuko zuten. Azkenean, emozioak emozio, Beñat Doyharzabal, Maitane Garmendia, Gaizka Agirre eta Imanol Garaizabalek osatutako EuskalRaid-Aralar Kirolak taldeak eskuratu zuen hirugarren postua.

Lau egun eta hiru gaueko lasterketa izan da Europako Txapelketa, non-stop formatuan, hau da, geldialdiak egitea ez zen derrigorrezkoa. Hainbat kirol modalitate nahasten dira raid abenturan: mendi bizikleta, kayak, trekking, arroila jaitsierak, rappelak, ferrata bideak...

500 kilometrotik gorako ibilbidea osatu zuten parte hartzaileek, Vielhan eta Lleida artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!