Piperra, turismo erakargarri

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 23a, 10:00

Tolosaldeko Turismo Sailak eskualdeak duen aberastasun gastronomikoa baliatu nahi du bisitariak erakartzeko

Jakina da gastronomia bogan dagoela eta geroz eta gehiago direla turismoa egiterako garaian bisitatu behar duten herrialdearen alderdi honi erreparatzen diotenak.

Tolosaldeak ere badu zer eskainia zentzu honetan, eta hori dela eta Tolosaldeko Turismo Sailak gastronomiari begirako hainbat eskaintza diseinatu ditu. «Tolosaldeak gastronomiaren aldetik duen indarra eta erakargarritasuna ikusita, estrategia desberdinak ari gara garatzen. Izan ere, gero eta jende gehiagok ezagutzen du Tolosaldea bere gastronomia eta produktuengatik», esan du Esti Ezeiza Turismo teknikariak. Produktu horien artean aipatu ditu Tolosako babarruna, teilak eta zigarrotxoak, xaxuak eta Ibarrako piperrak.
Horiek horrela, aurten Ibarrako piperraren erakargarritasuna baliatu nahi izan dute bisitariak erakartzeko, eta hori dela eta Piperraren Ibilbidea antolatu dute. Abuztuko eta iraileko hainbat igandetan egin dituzte bisitak, eta azkena igande honetan, hilak 25, izango da.
Ezeiza teknikariak azaldu duenez, ibilbideak «piperraren laborantza prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera» ematen du.

Bisitariek piperraren prozesu guztia ikusi ahal dute Ibarrako Txumitxa etxekoen eskutik. «Horretarako lehendabizi, Ibarran duten lursailera joan eta bertan Ibarrako piperra noiz landatzen den, lurrak zein baldintza bete behar dituen, eta nola landatu, zaindu zein bildu behar den azaltzen zaie bisitariei», gaineratu du. Aurten esate baterako, eguraldia dela eta, normalean baino beranduxeago etorri dira piperrak. «Behin landaketa azalduta, piperrak ontziratzen dituzten lekura joaten dira eta bertan piperrak nola ontziratzen dituzten erakusten diete eta froga bat egiteko aukera izaten dute».
Ibilbidea Txumitxa tabernan bukatzen da. Bertan hamaiketakoa egiten dute eta piperra modu desberdinetan dastatzeko aukera dago: frijituta, ozpin edo oliotan, jilda moduan, eta tortillan urdaiazpiko eta tipularekin. Edaria ere ematen zaie bisitariei.

Piparraren Ibilbidea

  • Eguna. Irailak 25, igandea.
  • Ordua. 10:00.
  • Iraupena. 120 minutu.
  • Bisitaren nondik-norakoak. Landatutako eremura bisita, ontziratze tokira bisita eta dastatzea Txumitxa tabernan.
  • Hizkuntza. Euskaraz eta gazteleraz.
  • Prezioa. Helduek 10 euro eta 16 urtetik beherakoek 5 euro.
  • Izena emateko. Tolosaldea Tour: 943 69 74 13 edo tour@tolosaldea.eus.
  • Irteera tokia. Txumitxa taberna, Ibarra. Bisitak egiteko norberak bere autoa eraman behar du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!