Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Mendiluze: «Zeure burua oso ezkor epaitzen duzu askotan, zorrotz»

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 17a, 13:05
Finalaren biharamunean aparretatik oraindik jaitsi gabe dabil Aitor Mendiluze (Andoain, 1975). Txapelketa nahi bezala hasi ez bazuen ere, BECeko finalean azti jolastu zuen hitzekin. Lau urte barru nola izango den ez daki, eta orain arte bezala bertsotan jarraitzea mugarritzat du.

Finalera arantza kentzera joango zinela aipatu zenuen, puntuekin pentsatu gabe. Helburua bete al duzu?
Bai. Gehiago eman nezakeela iruditzen zitzaidan, gehiagoko momentua ere bazela niretzat; txapelketa garrantzitsua. Hori emateko gogoarekin joan nitzen, eta gustura nago.
Laugarren postua espero al zenuen BECen?
Egia esan ez nengoen ziur, ez neukan postuaren sentsazio garbirik. Gertatzen dena da, oholtzako gure sentsazioak oso faltsuak direla. Zeure burua oso ezkor epaitzen duzu askotan, zorrotz behintzat; lagunena, berriz, hobea iruditzen zaizu, baina ez duzu erabateko arretaz jarraitzen. «Gustura nago, lan polita egin dudala uste dut, postu txukun bat lor dezaket baina ez daukat ezer garbirik oholtzan», pentsatzen nuen nik. Epaimahaiaren emaitza entzun nuenean oso konforme geratu nintzen.
Gaiekin-eta eroso aritu zinen?
Bai, orokorrean bai, eta ez finalean bakarrik. Txapelketan zehar, uste dut gai-jartzaile taldeak sekulako lana egin duela. Beti izaten da kritikatzeko moduko gairen bat behar bada, baina orokorrean oso lan ona egin dutela uste dut. Gure emaitzaren zati garrantzitsua da hori ere, eta gure emaitza izan den bezelakoa baldin bada, zerbaitengatik da. Ez da bakarrik guk bertsotan hobeto edo okerrago egin dugulako, baizik eta jarri dizkiguten aukera edo baliabideekin lotura bat baduelako.
Txapelketan gai serioekin aritzen zarete normalean. Igandean, ordea, puntukakoan umore ukitua eman zenioten finalari. Olentzero eta Aita Noelen gaiarekin, finaleko bertsoaldirik puntuatuena izan zen zurea. Gustura aritu zinen?
Bai, bai, egia esan han bai. Bereziki fresko sentitu nintzen, bereziki erraz ari nintzela iruditu zitzaidan. Txapelketan, nahita edo nahigabe, momentuko tentsioak ere eragiten dizu, askotan, sentsibilitate batzuk gehiago piztea, eta gehiago jotzea gai serio, sozial eta askotan dramatikoetara. Gainera, norberaren kezkak ere, askotan gehiago joaten dira hortik, umoretik baino. Horregatik, kontrapuntu hori ere gertatzen da: horrelako saio garrantzitsu batean umorezko gai bati txinparta ateratzen diozunean sentsazio oso-oso betea duzu batetik
Zein da, bada, beste aurpegi hori?
Umorea gai sozial horiei erantzuteko modu bat ere badela pentsatzen duzu. Agian gehiagotan egiten saiatu beharko genuke; gero egitearena beste kontu bat da.
Banaka gusturago aritu zinen gaia emanda, kartzelakoan baino?
Bietan aritu nintzen gustura, oso arrazoi desberdinengatik. Goizean niri etorri zitzaidan lehenengo aukeretako bat gaiari ikuspegi politiko bat ematea izan zen. Ez nuen, ordea, neure burua hor ikusten. Errepikakorragoa izateko arriskua ere banuen, gainera. «Nire pentsamendutik, nire momentutik gertuago aritu nahi dut», pentsatu nuen. Irakaslea naizenez, egunero bizi dudan gai bati heldu nion: hezkuntza, eta horrek dituen kezka eta arazoak. Bertsoak izan zitezkeen hobeak seguruenik, baina mezu aldetik behintzat nahiko koherentea izan nintzen.
Zerk bete zintuen arratsaldekotik?
Gai sozial bat zen, eta gai horri uste dut erantzun polita eman niola. Hango sentsazio positiboa bestea zen: bertsotan egiteko garaian sentitzen nuen erraztasun eta askatasuna.
Arzallus eta Lujanbio buruz-burukoan ikusten al zenituen?
Ez neukan garbi zein izan zitezkeen. Biek aukerak zituztela ikusten nuen, noski, baina beste batzuek ere bai. Zorionez, igandeko finalean ez zen beste batzuetan bezalako alderik izan lehenengoen eta besteon artean; punta ez zen beste final batzuetan bezain goran izan. Baina orokorrean saioa askoz orekatuagoa izan zen, eta nahiko maila altukoa, denon aldetik. Horrela, Amets eta Maialen, Amets eta Igor edo Igor eta Maialen, besteren bat edo neu sartu izan bagina, ez nintzatekeen horrenbeste harrituko, eta ezta besteak ere. Hori final baterako positiboa da, jendeak beste intentsitate batekin bizitzen duelako. Hala ere, erabat ados nago sailkapenarekin, eta lagun handiak diren heinean, beraiengatik ere oso pozik.
Zuen artean zenuten giroak epela zirudien publikotik.
Guretzat belaunaldi-apustua zen. Txapelketa hala da beti, baina, nagusiki, gure belaunaldiaren txapelketa zen aurtengoa. Uste dut bageneukala behar hori; ez txapelketari erantzutekoa, baina bai aldaketa hori irudikatzekoa. Gu ginen zaharrak eta gazteagoren bat ere ibili da, baina beste kolektibo-sentsazio bat izan dugu. Ez dakit horregatik den edo ez, baina goizetik oso giro onean bizi izan genuen igandekoa, oso gertu, elkarrekiko maitasun handiz, besteengatik kezkatuta eta besteak animatzen. Nik behintzat horrela sentitu nuen, eta benetan pozten nau publikotik hori jaso izanak, egin genezakeen gauzarik politenetakoa dela uste baitut.
Publikoaren harrerak ere berotasun pixka bat eman zizuen, ezta?
Bai, eta  ez finalean bakarrik. Txapelketa osoan ikusi da jendearen emana eta gogoa, eta Iñaki Muruak esan zuen bezala, poza eta pena da hainbeste jendek inguratu nahi izatea, eta sarrerak agortzea. Baina poza gailentzen da, jende hori baita urtean zehar eta herriz herriko saioetan ikusiko duguna eta ikusiko gaituena. Eta horrek osasun irudi oso-oso dotore bat ematen du.
Sari banaketako besarkada ere hunkigarria izan zen, Harituz-eko Mikel Artolarekin.
Une hartan oso gertu sentitu nuen. Mikel lanean izan zen han, eta egun osoan guri laguntzen aritu zen. Bestetik, lankidea eta laguna da, eta nahi bezain aktibo aritzen ez naizen arren, ni ere Harituz-eko kide sentitzen naiz. Oso momentu polita izan zen, eta besarkada ere oso bat-batekoa izan zela uste dut. Horrelaxe irten zitzaidan, eta berak ere horrelaxe hartu zuela uste dut, hunkitu baitzen. Gogoratzeko momentua izango da.

Erlazionatuak

Oihana Iguaran Barandiaranen iritzia: "Ezin Kabitu"

Oihana Iguaran Barandiaran 2013 abe 17 kultura

Aski eta asko izatearen magia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 abe 17 Irura

Amets Arzallus da txapeldun berria

Tolosaldeko Ataria 2013 abe 15 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!