Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aski eta asko izatearen magia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 17a, 13:19
Final paregabea osatuta laugarren postua eskuratu zuen Mendiluzek; beren belaunaldiaren finala izan zela dio

«Zuentzat ez da aski izango / baina neretzat asko da» esanez agurtu zituen, Aitor Mendiluzek, BECeko 13.500 lagunak. Aski zena asko izatera heltzeko bertsoaldi paregabeak osatu zituen Iruran bizi den andoaindarrak, eta txapelketako aurreko saioetako zapore gazi-gozo hura ondo gozatu zuen.
1.155 punturekin laugarren postua eskuratu, eta gogoan duen finalik «onenetakoa» bizi izan zuen oholtzatik. Berea izan zen, gainera, eguneko bertsoaldirik baloratuena, puntukako ariketan: 165 izan ziren jaso zituen puntuak.
Puntuak puntu, Euskal Herriko bertsozaleak ere beren arantzak ateratzea joan ziren Barakaldora, antza, Mendiluzeren bidetik. Bokadilo, hamaiketako eta sagardo botilen gainetik, txalo zaparradarik beroenak jaso zituzten gai sozial eta aldarrikapenek.
Egungo errealitatearen inguruko bat-batekoak entzun eta saritzeko gune izateaz gain, ordea, bertsozaletasunetik haragoko zerbait bilakatu zen BEC. Aspaldi ikusi gabeko ezagunen, duela zazpi urte ikaskide izandako lagunen edo udalekuetan elkar ezagututako jendearen topagunea izan zen igandean Bizkaia Arena, eta guztiak txapelaren itzalak elkartu zituen.
Txapelara heltzeko bide horretan, bertsolariek altxarazi zuten publikoa, eta publikoaren beroak sutan jarri, haien mihiko polbora. Nahikoa, pozik izateko aski diren gauza txiki horiek, 13.500 bertsozaleren oroimenean asko izatera pasatzeko.

Leidorren goi-mailako saioa
Urtarrilaren 18an izango da, larunbatarekin, eta Leidor aretoan. Goi-mailako bertso saioa antolatuko du Tolosaldeko Ataria komunikazio taldeak, 18:00etatik aurrera.
Amaia Agirreren gaiek gidatuta, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Jexuxmari Irazu, Jon Maia eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira kantuan, eta sarreren salmentaren berri datozen asteotan izango da.

Erlazionatuak

Oihana Iguaran Barandiaranen iritzia: "Ezin Kabitu"

Oihana Iguaran Barandiaran 2013 abe 17 kultura

Amets Arzallus da txapeldun berria

Tolosaldeko Ataria 2013 abe 15 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!