Iruran %79ko birziklapen mailara iritsi dira aurten

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 17a, 14:59
Leire Ugalde teknikaria eta Ainhoa Ugalde alkatea, plazako auzo-konpostgunean

Irurarren %81ak erabiltzen du hondakinak biltzeko atez ateko sistema, eta 85 familia inguruk egiten dute konposta, 50 bat familiak auzo konposta bidez. Hori dela eta, auzo konposta egiteko etxola berriak jartzeko asmoa du udalak.

Ainhoa Ugalde Irurako alkateak herritarrak zoriondu ditu herrian lortutako birziklapen mailarengatik, "emaitza hauek, herritarrei esker bakarrik ari gara lortzen, oso ondo ari gara, eta oraindik ere hobetzeko aukera dugunez, bide honetatik jarrai dezagun", esan du emaitzen berri ematerakoan.

2013ko ekainean aldatu zuten Iruran hiri hondakinak biltzeko sistema, atez atekoaren alde eginaz, eta emaitza onak lortu dituztela esan du Leire Ugalde Ingurumen teknikariak. 2014ko urtarrila eta urria bitarteko bataz besteko birziklapen maila %79koa izan da, 2012. eta 2013. urteetan baino askoz altuagoa; 2012an %33koa izan zen, eta 2013an %38koa.

Hilabete asko joan dira sistema berria jarri zutenetik, baina orain arte ez dute daturik ematerik, izan ere, orain arte eskualde osoko hondakinak batera biltzen ziren eta ez zegoen herriz herriko daturik

Atez ateko sistema erabiltzen dutenen kopuruari dagokionez, %81ak hartzen du parte sisteman, %11,5ak ez, eta %7,5 etxebizitzak hutsak dira.

Konposta

Atez ateko sistemarekin batera, Iruran auzo konpost kanpaina abiarazi zuten, eta honek emandako emaitzekin ere pozik daude udalean. Ekimen honi esker 3 auzo konposterako gune jarri dituzte, eta 50 bat familia dira beraien hondakin organikoa hona bideratzen dutenak. Datu honi, hala ere, etxean bertan konposta egiten dutenen kopurua gehitu behar zaio, 35 etxebizitza. Horiek horrela, 85 familia inguru dira konposta egiten dutenak.

Emaitza hauek ikusita udalak auzo konposterako gune berriak jartzeko asmoa duela esan du, horretarako familia berriek parte hartu nahi duten jakin nahi du udalak. Izena emateko udal bulegoetara jo behar da abenduaren 20a baino lehen. Etxola berrien kokapena eta kopurua eskaeren arabera zehaztuko dituzte.

Hobaria

Udalak konpostatzen duten familia guztiei %40ko hobaria ematea adostu berri du, 32 bat euro. Dirua eman beharrean udalak herriko dendetan gastatu ahal diren bonoak banatuko dizkie konpostatzen duten familiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!