Iruran hondakinak atez ate biltzeko sistema kenduko dute

Tolosaldeko Ataria 2015ko urr. 28a, 10:05

EH Bilduko eta osoko bilkurara gerturatutako herritarren protesten artean hartu zuen erabakia atzo EAJko udal gobernuak. Edukiontzi bidezko sistema jarriko dutela esan du Ana Leunda alkateak, baina ez du xehetasun gehiago eman

Asteartean Iruran ospatutako osoko bilkuran, bosgarren puntuan eztabaidatu zuten udal zaborraren zerbitzuaren aldaketa. EAJren bost zinegotzian aldeko botoekin, atez atezko bilketa sistema kendu eta edukiontziak jartzeko erabakia hartu zen. Ana Leunda alkateak azaldu zuen: «jakina da guk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dugula eta proposamen hori egin nahi dugu, beti ere birziklapen sustatzeko».

EH Bilduko zinegotzien eta pleno aretora gerturatutako dozena bat herritarren protesten artean hartu zuen erabakia udal gobernuak. Joxi Imaz, koalizio abertzaleko zinegotziak deitoratu egin zuen erabakia hartzeko modua: «atzo gobernu batzordean onartu eta gaur plenora ekarri duzue. Aurreko legealdian, zortzi ordezkari zituen Bilduk eta bakarra EAJk eta etengabe inposizioa ibili zenuten ahotan. Orain, bost zarete eta gu lau eta gehiengo hori baliatzen duzue gaiak aurrera ateratzeko». EH Bilduko udal taldeak salatu du, EAJk ez duela aurrez gaiaz eurekin hitz egin. «Villabonan negoziazio bat zabaldu da oposizioarekin eta hemen zuzenean eztabaidarik gabe plenora ekarri duzue gaia».

Sistema berriaren inguruko xehetasunak eskatu zituzten oposizioko ordezkariek eta ez zuten erantzun garbirik jaso. Bosgarrenaren alde daudela esan, baina EAJko udal taldeak ez zuen argitu edukiontziek kontrol sistemarik eramango duten edo ez. Leunda alkateak hartu zuen hitza: «ez dakigu zehatz esaten oraindik mankomunitatearen erantzunaren zain baikaude; oraingoz esan digutena da, pixkanaka hasteko, edukiontzi hori eta urdinarekin».

Ika-mika sortu zen une horretan aretoan; herritar batek publikotik alkateari gezurretan aritzea egotzi zion: «mankomunitatetik ez dizuete horrelakorik esan». Haserre erantzun zuen Leundak, «nik egia esan dut eta bestela galdetu mankomunitatean. Teknikariak berak eskaini zigun aurrena horia eta gero urdina ateratzea, lehendakaria eta lehendakari ordea aurrean zeudela». EH Bilduko zinegotziek azpimarratu zuten, gisa horretako erabakiak mankomunitateko batzarrak berretsi behar dituela «eta ez teknikari edo mankomunitateko ordezkariek».

Josu Amilibia, Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak argitu duenez, «Irurako Udalak atez ateko sistema kendu eta edukiontzi bidezko bilketa sistemaren inguruko azterketa tekniko eta ekonomikoa baino ez dio eskatu, ofizialki, mankomunitateari. Aurrena edukiontzi hori eta urdinarekin hastearena ez da izan guk eskaini diogun ezer, sistema aldatzeko agertu duten presaren presaz sortu den aukera bat baizik eta presaz ez dira gauzak egoki egiten». Oraindik azterketa egiten ari direla nabarmendu du Amilibiak eta argitu duenez, «Irurako Udalak ez du zehaztu bosgarren edukiontzia kontrolarekin edo irekia nahi duen». Dena dela, erabaki hauek, ez berari, baizik eta batzarrari dagozkiola berretsi du mankomunitateko lehendakariak.

Herritarren kezka

«Daturik gabe aldatuko duzue? Ze gastu ekarriko digu herritarroi? Tasak aldatuko dira? Hobariak geneuzkan orain arte biriziklatzeagatik, mantenduko al zaizkigu?». Galdera horiek guztiak luzatu zituzten astearte arratsaldean Irurako pleno aretora gerturatutako herritarrek. Oinarririk gabe sistema aldatzen ari zirela esan zieten udal gobernuko kideei. EH Bilduko zinegotziek, berriz, haserre jardun zuten, «hipokrita, faltsua eta lotsagabea da esatea atez atekoa zikina dela zuek, nahita, kaleak zikintzen ibili zaretenean».

«Gaur egun Iruran %73ko birziklatze tasa dugu eta sistema berriarekin, iruditzen zaigu, emaitza berdinak aterako direla», esan zuen Leundak. Beste herriren bateko datuak emateko eskatu zieten herritarrek eta Olaberria eta Zegama aipatu zituen alkateak. «Horietan, ordea, txip bidez kontrolatzen dira edukiontziak», nabarmendu zuten EH Bilduko zinegotziek.

Ahalik eta gehiena birziklatu nahi dutela nabarmendu zuen EAJko udal taldeak. «Pentsatzen dugu merkeago izango dela sistema berria. Orain, atez atekoarekin, ordu eta erdi eta sei ordu artean ematen dituzte zaborrak biltzen eta deskargartzen. Edukiontzien bidez, berriz, kamioia etorri eta minutu batean husten dituzte. Ez al da hori merkeago?». Esku artean dituzten datuen arabera, bilketa sistema berria, hiru aldiz merkeago izan daitekeela esan zuen alkateak eta gogoratu zuenez, «gaur egun, herriko hondakinen kudeaketak 53.000 euroko defizita du».

EH Bilduko zinegotziek bilketa sistemaren gastua bakarrik aipatzea egotzi zioten EAJri eta ez geroko tratamendua: «zenbat kostako zaio Gipuzkoari errauskailua?». Koalizio abertzaleko zinegotziak egindako galderari, alkateak erantzun zion: "udaletxetik ez da hori kudeatzen, Diputazioaren gaia da hori».

Eztabaidaren amaieran egin zuten bozketa eta EAJko bost ordezkariek sistema aldatzearen alde egin zuten eta EH Bilduko hiruek kontra. Protesta artean burutu zen bozketa: «ez zaigu serioa iruditzen beharrezko datu gabe sistema aldatzea; lotsagarria da hemen gertatzen ari dena, hau inposizioa da", esan zuten bildutako herritarrek publikotik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!