GUTUNA: Tortura, frogak eskatuko al dizkie?

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2016ko mai. 4a, 13:19

Nora Urbizu eta Leire Olasagasti Amasa Villabonako EH Bilduko hautetsiek sinatutako gutun honetan, Agirre alkateak pasa den apirilaren 25eko Osoko Bilkuran egindako adierazpenei erantzuten zaio. Agirrek ezbaian jarri zituen Nekane Txapartegik Guardia Zibilaren kuartelean inkomunikazio aldia pasa ondoren, Auzitegi Nazionalean egin zituen tortura eta bortxaketa salaketak. "Ez dago frogatuta" esan zuen Agirrek.

Hemen duzue GUTUNA: 

Tortura: frogak eskatuko al dizkie? 

Pasa den apirilaren 25ean, Villabonako Udalean burutu zen Osoko Bilkurari buruzko gure hausnarketa elkarbanatu nahi genuke. Beste hainbat gaien artean, apirilaren 17a preso politikoen aldeko nazioarteko eguna izanik, EH Bilduko udal-taldetik mozio bat aurkeztu genuen. Mozio horren bidez, Villabonako Udalak berriki Suitzan atxilotua izan den Nekane Txapartegi asteasuarraren kasuan bere posizioa agertzea nahi genuen. Zehazki gure udalak atxiloketa salatzea eta Nekaneren familiari elkartasuna adieraztea nahi genuen (halaxe egin du Asteasuko Udalak EH Bildu eta EAJren arteko adostasunarekin). 

Villabonako EAJk ordea ez zuen mozioa babestu eta abstentziora jo zuen. Agirre alkateak bere argudioa azaldu zuen: Guk ez dugu frogarik Nekane bortxatua izan zela sinesteko esan zuen. Modu horretan Nekanek Auzitegi Nazionalean egindako bortxaketa salaketa ezbaian jarri zuen alkateak. Gure ustez argudio hau bereziki ankerra eta bihozgabea da eta alkate honek tortura kasuen aurrean duen sentsibilitate falta agerian uzten du. Villabonako EAJk ez al ditu euskal herritarren tortura salaketak sinesten? Nekane Txapartegik inkomunikazio aldian pasatako infernuaren ondoren, epailearen aurrean egindako tortura eta bortxaketa salaketak baino, poliziaren bertsioa lehenago sinesten al du Agirrek? 

PSE-ko zinegotziak ere abstentziora jo zuen, baina bere hitz hartzean torturarekiko bere mespretsua adierazi zuen, testualki espainiar estatuak egindako torturek lotsarazi egiten dutela aitortu zuen Arija andreak, bada zerbait. Badirudi PSEk sinesgarritasun handiagoa ematen diela tortura salaketei EAJk baino. Berriki ikusi dugu Urkulu Lehendakaria bera, dispertsioa publikoki justifikatzen. Oso ohituta gauzka EAJk Madrilekiko obedientzian. Gogorarazi nahi genuke, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbatetan zigortu duela espainiar estatua hain zuzen ere, tortura salaketak ez ikertzeagatik. 

Paco Etxeberria forentseak eta beste hainbat ikertzailek 1960-2011 urteen artean 5.022 euskal herritar torturatuak izan direla ziurtatu dute. Horietatik 88 kasu Amasa-Villabonakoak dira. Etxeberria jaunak frogatutzat ematen duena ezbaian jarriko al du Villabonako EAJk?

2015eko azaroan EH Bilduk eskatutako bizikidetza batzordea abiatuko du azkenean Udal Gobernuak. Torturaren inguruan Agirrek agertu duen iritzia ikusita, kezkaz bizi dugu bizikidetza nola landu nahi ote duen. Esan dugun moduan gure herrian, 88 izan dira tortura kasuak. Haien testigantzak entzuteko gaitasunik izango al du alkateak? Frogak eskatuko al dizkie torturatuak izan diren amasa billabonatar guztiei?

 

Nora Urbizu eta Leire Olasagasti

Amasa Villlabonako EH Bilduko hautetsiak

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!