Maite Izagirre alkate berriak ez zuen bere soldata bozketara eraman nahi izan, EAJ-ko bi zinegotzi falta zirelako

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2016ko eka. 28a, 19:02
Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, atzo Villabonako udalean izandako Osoko Bilkuran gertatutakoa biltzen duen kronika osatu eta argitaratu nahi izan dugu. Gure ustez garrantzitsua da herritarrek Villabonako EAJ-PNVk eta Maite Izagirre alkate berriak erakutsi duten jokabidea ezagutzea. Gure ustez atzo gertatutakoa lotsagarria izan zen:

 

Atzoko Villabonako udaleko osoko bilkuran Maite Izagirre  Amasa Villabonako alkate berria ofizialki izendatua izan zen. Alkatea hautatzeko bozketan, EH Bilduko zinegotziek aurretik publikoki jakinarazi zuten bezala, Nora Urbizu zerrenda buruaren aldeko bozka eman zuten eta hau izan zen bozketaren emaitza: Nora Urbizu (EH Bildu) 6 bozka, Maite Izagirre (EAJ-PNV) 5 bozka. Alkatea aukeratzeko lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten da (Villabonako kasuan 7 zinegotziren bozka) eta alkategaietako inork zifra hori lortu ez zuenez, automatikoki udal hauteskundeetan bozka gehien lortu zituen alderdiaren hautagaia izendatzen da alkate. Beraz, Maite Izagirre da Amasa Villabonako alkate berria. Gure ustez, nahiko tristea eta paradoxikoa da alkate berriak, oposizioko zerrenda buruak baino aldeko bozka gutxiago izatea, ez dirudi hasteko modurik onena denik. Maite Izagirrek bota zuen diskurtsoan, EH Bildurekiko mespretsu hitzak jaurti zituen, aurreko legealdian izandako "inposaketaren eredua" aipatuz. Diskurtsoa entzun ondoren Nora Urbizuk hitza hartu nahi izan zuen baina Izagirre andreak hitza ukatu nahi izan zion; udal idazkariak gogorarazi behar izan zion alkate berriari, oposizioko alderdiek hitz egiteko eskubidea dutela. Izagirrek gogo txarrez hitza hartzeko baimena eman behar izan zion EH Bilduko ordezkariari. Nora Urbizuk hitza hartu zuen: "Azken urtebetean absurdo erabatekoa bizi izan dugu udalean, eta ahultzearen adibide gehiago ditugu, kudeaketa onarenak baino. Etengabeko inprobisazioan aritu zarete". EAJko udal gobernuak "dena ezkutuan" egin izan duela salatu zuen oposizio-buruak, baliabideak herrian utziko dituen alkate bat eskatuz: "Eta ez alkatetza hartu aurretik poltsikoak bete nahi dituena". Pleno aretoan bildutako hainbat herritarrek, txalotu egin zituzten Nora Urbizuren hitzak.

 

Maite diruzalea makilarekin

Izagirre alkate berria, Villabonako udaleko aginte makila hartu zuen unean

Osoko Bilkurako gai ordena jarraituz, bigarren puntuan aurreko osoko bilkuretako Aktak onartu ziren aho batez.

Ondoren iritsi zen alkate berriaren soldata bozkatzeko puntua. Gai hau zen pleno aretora gerturatu ziren hainbat herritarri kezka sortzen ziena, gogoratu behar dugu puntu horretan Izagirre andreak urtean 52.000 euroko soldata ezartzea proposatzen zuela eta normata denez, horrek herritar askori ezinegona eta haserrea sortu zien. Denen harridurarako ordea, Izagirre andreak puntu hau bertan behera uztea erabaki zuen. Alkate berriak hartutako erabaki horrek, harridura ekarri zuen pleno aretoan zeuden pertsona guztiengana eta EH Bilduko zinegotziek udal idazkariari galdetu zioten ea hori egitea posible ote zen. Osoko bilkura bateko gai ordenean dagoen puntu bat bertan behera uzteko ahalmena alkatearen eskumenetako bat da, beraz legalki egin daiteke. EH Bilduko Nora Urbizuk, erabaki horren zergatia azaltzeko eskatu zion Izagirreri, eta alkatea "arrazoi pertsonalak" esatera mugatu zen. Berriz galdetu ondoren, bere bigarren erantzuna askoz argigarriagoa izan zen: "EAJko zinegotzi bat ez da etorri, arrazoi pertsonalengatik". Beraz, guztien aurrean argi geratu zen bilkura honetan soldataren gaia ez jorratzearen arrazoia EAJko bi eserleku hutsik egotea zela. Puntu honen balizko bozketan, alkatearen soldata proposamenak bozka gehiago izango zituzkeen kontra, alde baino, eta bozketa galdu eta bere asmoa momentuz bertan behera utzi behar izatea baino, Izagirre andreak nahiago izan zuen puntua gai ordenetik ezabatu. Gure ustez, erabaki hau erabat lotsagarria eta salagarria da, gainera horrek, puntu hau dela eta pleno aretora hurbildu ziren herritarrei errespetu falta handia erakusten du. Gainera errespetu falta hori areagotu egin zuen Izagirrek, hainbat herritarren protestei, irrifarre ironiko batekin erantzun zienean.

Galdera eta erreguen puntura arte itxaron behar izan zuen oposizioak alkatearen soldataren gaia berriz ere mahai gainean jartzeko, Nora Urbizuk hitza hartu zuelarik. Bere hitzak oso argiak izan ziren: "Euskal Herrian gutxieneko soldata 9.172,80 eurokoa da, eta zuk Izagirrea andrea, gutxieneko soldata 5,6 aldiz biderkatua eskatu duzu. Billabonatar asko hilero 1.000 eurora iritsi ezinik dabiltzan bitartean, zuk, urtean 52.000 euro irabazi nahi dituzu eta gainera, alkate izan aurretik hartu duzu erabakia. Lotsa eman beharko lizuke, eta guri auzo-lotsa eta haserrea besterik ez digu pizten. Beharrezko den guztietan salatuko dugu, hau guztia lotsagarria delako". Beriz ere txaloak jaso zituen Nora Urbizuren hitzek. 

Aipamen berezia merezi du PSEko ordezkaria den Maria Luisa Arija andreak izan zuen portaerak. Arijak, Maite Izagirreren aldeko bozka eman zuen, hau erabat ulergarria da PSEk eta EAJk euskal intituzioetan duten ituna dela eta, baina bere interbentzioa benetan harrigarria izan zen. Maite Izagirrerengan erabateko konfidantza duela adierazi zuen, alkate ezin hobea izango dela zalantzarik gabe, etab. EAJkoek bota ez zizkioten "loreak" PSEko ordezkariak bota zizkion alkate berriari. Ikusteko dago Izagirre andreak bere buruari ezarri nahi dion soldata galaktikoaren aurrean zein izango den bere erabakia, baina EH Bildutik gogorarazi nahi dugu, Arijak bere eskuetan duela soldata lotsagarri hori geldiaraztea eta Villabonako udalari diru kopuru esanguratsu bat aurreztea.   

 

 

 

EH BILDUko Udal Taldea.

Amasa Villabonan, 2016ko ekainaren 28an.

 

         

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!