Itsasoko ura, osasuna eta zientzia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko api. 2a, 10:00

Duela hilabete batzuk honen berri izan nuenean ergelkeriak mugarik ez zuela pentsatu nuen: itsasoko ura edatea osasungarria omen da. Edonola ere, zientziaren talaian dagoen zelatariaren antzera, nire aurreiritziak alde batera utzi eta zuretzat, ene irakurle, informazio zientifikoa bilatzen, biltzen eta aztertzen aritu naiz.

ATARIA-n bertan uztailean azaldu nuen bezala, itsasoko ura hauxe da: «%96,5 ura da eta %3 kloruro, sodio eta potasio ioiak dira (gainerako %0,5a kontzentrazio txikian dauden milioika konposatuz osatuta dago)». Zientzia-bibliografia aztertuta ondorioa argia da: itsasoko ura edatea gomendagarria dela esateko argudio zientifikorik ez dago.

Sasimedikuntzaren esparruan, ordea, modan dago itsasoko ura edatea osasungarria dela esatea. Astakeria horren erantzulea René Quinton (1866-1925) fisiologo frantziarra da. Quintonek itsasoko ura ur gezarekin diluitzen zuen eta gaixoei ematen zien, ahoz zein injektatuta. Haren teoria xelebrearen arabera, itsasoko urak eta odol-plasmak antzeko konposizioa dutenez, osasungarria da itsasoko ura edatea (sic). Hauexek dira Quintonen jarraitzaileek mantra baten moduan errepikatzen dituzten argudioetako batzuk:

Itsasoko ura eta odol-plasma oso antzekoak dira. Odol-plasmaren %90 ura da eta %1 inguru gatza da, bai, baina hor amaitzen dira antzekotasunak. Antzekoa izateak, ordea, ez du frogatzen ona denik. Logika bera jarraituz, pixa edatea ona dela esan genezake odol-plasmaren antzekoa delako (itsasoko ura baino antzekoagoa da, gainera).

Antzekoak antzekoa sendatzen du. Zientzia-bibliografian ez dago dokumentatuta itsasoko ura erabiliz gaixotasun bat senda daitekeenik. Itsasoko ura gaixoei injektatu izan zaie, bai, baina horrek ez du frogatzen terapia eraginkorra denik. Esate baterako, gogoan izan XIX. mendean ohikoa zen odol-ateratzeak egitea hainbat gaixotasun sendatzeko lagungarria zelakoan.

Itsasoko urak taula periodikoko elementu guztiak ditu. Itsasoko uraren moda jarraitzen dutenek diotenez, 118 elementuak ditu itsasoko urak (plutonioa eta polonioa ere bai?). Beste zenbait kasutan, aldiz, 84 elementu dituela azaltzen dute (ez galdetu zenbaki horren zergatia). Frogaezina bada ere, hau egia dela onar genezake, baina, horrek ez du onurarik adierazten, ezta elementu horiek fisiologikoki eraginkorrak izateko kontzentrazioan daudenik.

Itsasoko ura edatea ona da. Itsasoko ura edaten badugu, organismoan dugun gatz kontzentrazioa handitu egiten da. Zorionez, giltzurrunak gai dira gatz hori gernuaren bidez kanporatzeko. Hala ere, prozesu horretan edan duguna baino ur gehiago erabiltzen dute eta, horren ondorioz, itsasoko urak deshidratazioa eragiten du. Jakina, kantitate txikiak edanda ez da arrisku larririk agertzen (hipertentsiboa ez bazara behintzat), baina onurarik ere ez. Kantitate handitan, berriz, arriskutsua izan daiteke.

Badira itsaskiak egosteko itsasoko ura erabiltzea aholkatzen dutenak. Nahi izanez gero kozinatzeko erabil dezakezu, baina argi izan ezazu, irakurle, tratatu gabeko itsasoko ura edatea ez dela osasungarria [1], eta tratatutako itsasoko ura edatea tontokeria dela.

[1] European Food Safety Authority Journal, 2012;10(3):2613.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!