Hurrengo geltokia Castellon

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko aza. 25a, 17:57
Lauburu Segorbera (Castellon) mugituko da larunbatean, denboraldiko hamaikagarren jardunaldia jolastera. Arratsaldeko 17:30ean izango da eta kanpaina honen barruan egin beharreko bidairik luzena egin beharko du taldeak.

Aurreko jardunaldian San Juanen aurka lortutako garaipenaren ondoren eta Bigarren B Mailara igoz geroztik irabaztea lortu ez zuenean gainera, jardunaldi berri honen aurretik, Juanan Rodriguezek ligako lehen herenari buruz hitz egin du: “Taldea indartuta atera da San Juanen aurka egindako partidatik, lehenengo zatian teknikoki oso zehatzak izan ez baginen ere, joku-une oso onak izan genituen. Bidaia gogorra izango da eta kontziente gara denok, larunbatean ligako bigarren heren hau lehenengo postuak borrokatuz hasteko  aukera ezin hobea dugula, pasa den denboraldian galdutako puntuak gogoraraziko ditugu, sailkapenak erakusten duena baino hobea den taldeari (bere etxean gainera) irabazteko grina pizteko. Baja bakarra izango dugula dirudi, bidaiaren distantzia eta ordua ikusita berri ona dela deritzogu”.

Sailkapeneko lehen postuetarako lehiaren barruan harrapatu ditu ibartarrak jardunaldi honek. Ligako lehenengo jardunaldietan lortutako bost garaipen, berdinketa bakarra eta lau porroten ostean, zazpigarren postuan aurkitzen dira gaur, 16 punturekin. Ebrosala eta Zierbena dira buru, biak 23 punturekin berdinduta daudelarik; hirugarren postutik hamaikagarren posturaino, 4 punturen aldea besterik ez dago eta piparreroen atzetik lau talde daude 15 punturekin berdinduta.

Datorren kanpainan Errege Kopa jolasteko eskubidea ematen duen hirugarren postu hori lortzeko lehia oso erakargarria izango dela dirudi. Buru dauden bi taldeak besteekiko aldea handitzen hasiak dira baina garbi dute atzetik datoztenak indartsu datoztela eta berdinketa handiak izaten ari direla kanpaina honetan.

Juananen adierazpenen arabera: “liga nahikoa berdinduta doa, beraz oso zirraragarri eta dibertigarri ere bada. Txapelketa aurrera doan heinean, nahiz eta geroz eta gutxiago izan, pista batean zein bestean izaten da ustekaberen bat. Hemendik finalera bitartean aste guztian zehar lan handia egiten duenak irabaziko du, bakarkako ezberdintasunak asko murriztu baitira eta taldeko lana geroz eta erabakigarrigo izaten ari da kategoria honetan. Guri dagokigunez, oso gustora gaude aldageletako dinamikarekin, lantaldean aldaketak izan dira eta Mikelen etorrerak ere, egokitze prozesua behar izan du baina taldea hobetzen joango dela sinesten dut eta horretarako aukera onak ditugu”.

Sergobe izango da beraz, piparreroen hurrengo helmuga, Valentziako Erkidegoan aurkitzen den hamar mila biztanleko herri bat. Areto futboleko bertako taldea, Viveros Mas de Valero-CDFS Segorberentzat, Bigarren B Maila honetan bigarren denboraldia izango da.

Héctor Núñez-ek gidatutako taldea, urte luzetan saiatu da eta lan asko egin du kategori honetan jolasteagatik. Txapelketaren une oro lehiatzen da eta segundu bakoitzaz gozatzen du, iaz Ibarraren aurka jolastutako partidan ikusi genuen moduan. Polemika handiko partiduan, azken minutuan 1-2koa egiteko gai izan ziren.

Sailkapenean 10 punturekin hamalaugarren postuan aurkitzen dira. Partida zaila izango da, afizioak betetzen duen kantxa zaratatsu batean eta puntuen beharrean aurkitzen den eta gogor borrokatuko duten talde baten aurka.

Ibartarren espedizioa, goizeko 7:00etan aterako da Belabietatik Segorbera bidean. Bertan bazkalduko dute 13:00 inguruan eta partiduaren ondoren berriro Ibarrara itzuliko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!