Lauburu denboraldi berria mimoz prestatzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko uzt. 25a, 18:45
Uztailaren 7an Ibarrako udaletxeko bilkura aretoan klubaren batzar orokorra egin zen. Bertan, 2015-16 denboraldiko balantze ekonomikoa onartzean gain, 2016-17 denboraldirako 115.000 euroko aurrekontua aurkeztu zen. Aurrekontu honek %11ko igoera izan du aurten, guztizkoaren ia %60a Bigarren B taldeari dagokiolarik eta gainerakoa, berriz, ikasturte berrian aurkeztuko diren beste sei taldeen artean banatuko da.

Aurrekontuaren igoerak klubaren oinarria indartzea du helburu, eta pixkanaka handitzen ari den proiektu bati egonkortasuna ematea. Aurten klubak, senior kategorian, nesken taldea izango du eta azpiko kategorietan infantilen bigarren taldea gehituko da, izandako eskaria kontuan hartuz.

Senior filialak Lurraldeko Lehen Mailan jarraitzen du, eta Jubenilen Ohorezko Maila, hirugarren urtez jarraian, estatuko txapelketa handienean dago; azken honek esfortzu ekonomiko handia eskatzen badu ere, klubaren kirol zuzendaritzak, kanterako jokalarien proiekzioan eta formakuntzan jasotzen den sariagatik, esfortzuak merezi duela ulertzen du.

Kadeteen mailan, iazko ikasturte arrakastatsuak (Euskadiko txapeldunak bilakatu ziren eta espainiar txapelketan parte hartu zuten) eskaria handitu duenez, infantilen moduan, kadeteen bigarren taldea osatzea deliberatu du klubak, baina egiturazko arrazoi ezberdinegatik, azkenean, atzera bota du aukera hori.

Kirol-mailari dagokionez, pixkanaka datorren denboraldiko lantaldea itxuratzen ari da; lehenengo lantaldean baieztatu diren bajak, Unai Labaka, Iñigo Arrospide, Loitzun Sanz, David Uzkudun eta Ander Esnaola jokalarienak dira; balio handiko bost jokalari, etxekoak, ibilbide oparoa egin dutenak, arrazoi desberdinengatik datorren denboraldian ez dute jarraituko. Klubak publikoki eskerrak eman nahi dizkie, urtetan eskaini duten dedikazioagatik, gure afizionatuei gozatu arazteagatik eta Belabietan Areto Futboleko arratsalde ahaztezinak emateagatik.

Berritzeei dagokionez, hiru atezainak jarraituko dute: Joseba Balerdi, Endika Uribe eta Iraitz Olasagasti; pistako jokalariak, Xabi Zurriarain, Ioritz Otamendi, Ion Garmendia, Aitzol Oyarbide eta Cristian Davila, dira.

Andoni Agirrezabalak, jubenilen kategorian oraindik urtebete geratzen bazaio ere, lehenengo taldean fitxatuko du, eta Agustin Garmendia, arrazoi pertsonalengatik hasiera batean baja izan behar zena, lehenengo lantaldearekin burutuko du aurredenboraldia.

Klubak, alta berrietarako, jokalari hauekin hitzartu du: Andoni Zumeta (23 urte), tolosarra eta Aurrera de Vitoria taldetik datorrena; Andoni Carlosena (21 urte), Errumaniako KSE Targu Secuiesc taldetik datorrena baina bere kirol-ibilbidea C.D. Xotaren beheko kategorietan egindakoa; Nacho (22 urte), Xotaren beheko kategorietatik datorrena, azken hiru denboraldietan Bigarren B taldean ibilitakoa; Nordin Ouafa (23 urte), Goierri K.E. taldetik datorrena.

Jokalari hauez gain, beste hiru jokalariek probak egingo dituzte aurredenboraldian, bukaeran lehenengo taldean zuzenean edo zeharka nor sartuko den erabaki ahal izateko: Gorka Ruiz (20 urte), Goierrik K.E. taldetik datorrena; Ander Madinabeitia eta Ander Nogales, biak, 18 urte eta biak, Legorretako Bilkoin taldetik etorritakoak. Hirurak Mikelen aginduetara osatu beharko dute aurredenboraldia eta bukaeran bakoitzaren tokia erabakiko da, klubean bertan, edota beren klubetara itzulita. Aipatu klubei, beren jokalariek gure proiektura gehitzeko eskainitako erraztasunagatik eskerrak ematen dizkiegu.

Hauexek dira baieztatutako altak, azken momentuan izan daitekeen beste gehitzeren baten zain. Lantalde lehiakorra eta orekatua da, eta Mikel Diestro, klubarekin bigarren denboraldirako hitzarmena maiatzean berritu ondoren, lantaldeari zukua ateratzen saiatuko da.

2016-2017 denboraldiko egutegia ezagutu aurretik, Areto Futboleko Batzorde Nazionalak multzoaren osaketa jakinarazi du, zeina, ezagutzen ez ditugun arrazoiak medio, 17 taldeekin osatu da, hau da, ohi baino talde bat gehiagorekin. Honek aurrekontuan doikuntzarik eza ekartzeaz gain, txapelketaren hasiera data irailaren 10era aurreratzea ere esan nahi du. Jokalariak, aurredenboraldia hasteko, abuztuaren 1erako deituak izan dira, eta bitartean bakarkako aurre-egokitzapen lanetan dabiltza.

www.lauburuke.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!