Zenbatzen eta kontatzen

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2014ko uzt. 25a, 14:00
Hau argitaratzerako milioi batzuk gehiago eskualdatuko ziren gutun-azaletan, baina ezer gutxi aldatu da. Ustel jokatzen dutenen auziei izenak jarri bai, baina haietako askotan zer gertatu den ez dakigu oraindik, eta agian ez dugu jakingo ere. Influentzia trafikoa, ustelkeria, eroskeria… Gutun-azalak batetik, trajeak bestetik, eta beltz kolorea beti. Aberatsa tranpa hutsa, pobrea amets hutsa.

Hau argitaratzerako hamarnaka edo ehunka palestinar gehiagori eraso die Israelek, baina ezer gutxi aldatu da. Tel Avivek berearekin jarraitzen du, eta baita palestinarrek ere, etorri zaienari aurre egiteko ahaleginetan. Ohitu gara ikusten, noizbait horretara ohitu ahal bada, nola egun berean Nigerian 45 lagun hiltzen dituzten talde armatu baten erasoan, eta nola Afganistanen 89 diren bonba auto batek hildakoak. Ordu gutxitan teletipoak saldoka iristen dira erredakzioetara, eta halabeharrez, tragedia batek bestea jaten du pixkanaka.  
Hau argitaratzerako kreditu eske joango zen bateren bat bankura; baliteke lortu izana, baina ezer gutxi aldatu da. Gerrikoa bi zulo estuago lotu beharko du aurrerantzean, askok gehiago estutzeko larrurik ez duten artean. Badirudi eskualdeko gazteei  etxebizitzen ateak zabaltzen ari zaizkiela; bada zerbait: 32 gaztek hartu dute etxea errentan Ibarran; Tolosan, berriz, 82 hautagai daude 25 baiezkorentzat. Zorteak du giltza.
Hau argitaratzerako egun bat gehiago izango da Hodei Egiluz gaztea desagertu zenetik, baina ezer gutxi aldatu da. Galdakoztarraren gertukoak ahaleginak eta bi egiten ari dira gertatutakoa argitu dadin; Europako Batasuneko ordezkariekin bildu berri dira eta abuzturako bizikleta martxa bat antolatu dute gehiago iker dezaten eskatzeko. Jakinda datu baseetan gutako bakoitzaren erradiografia zehatzak dituztela, gezurra dirudi bederatzi hilabete eta gero erantzulerik aurkitu ez izana.
Zenbakiek inguratzen gaituzte: zenbatzen ditugu lapurtutako milioiak, gatazketan hildakoak, zozketan lehenengoak izateko garaitu behar ditugunak, esperantza galtzerainoko egunak. Gu ere zenbaki gara, NANaren zortzietatik hasita. Baina, zerrendatzen hasita, desgraziak asko direla soberan dakigunez, zergatik ez kontatu ordu txikitan egindako hitz-aspertuak, pintxoak eta poteak baino gehiago partekatzen diren iluntzeak, edo oporrak hartzeko falta zaizkigun egunak. Azken horiek pentsamenduaren Top 10aren gailurrean ditugu batzuek. Irits daitezela azkar eta igaro daitezela motel, eta bueltan, han edo hemen, jarraituko dugu kontuak eta komeriak zenbatzen eta kontatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!