Joxepak esan zidan guztia

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2014ko uzt. 25a, 11:00
Oilarraren kantua du iratzargailu. Ordulariari begira gosaldu, artilezko jertsearekin betiko udazkenean bildu eskailerak banan bana zapaldu, loreak usaindu, eguzki nahiz euripean baratza zaindu

Idazten ari nintzela Joxepa hurbildu zitzaidan.  
- Nik gaztetan ere idazten nuen. Euria egiten zuenean mandioan, eta eguzkia egiten zuenean baratzera jaisten nintzen. Alaba zaharrena nintzen, eta berehala, baserriko lanak egiten hasi eta idazteari utzi nion.
- Pena, ezta?
- Bi toki horietan besterik ez nuen idazten. Zu ere beti hona etortzen zara idaztera?
- Ez dut larregi idazten. Toki hau, ordea, askotan bisitatzen dut.
Zerkausian nengoen, arratsaldeko 19:00ak inguruan.
- Toki ederra da, bai. Hiriguneko zalapartatik urrun eta aldi beren hurbil. Errioaren sintonia zoragarria da ordu honetan: patroiaren oihuak eta arraunketaren burrunba. Berezia da oso itsasorik gabeko herri batean arraunean egitea. Zu ere arraunlaria al zara?
-  Ez nahiz behin ere putzura sartu. Noiz edo noiz gogoa izan dut, baina...
- Nire semea arraunlaria zen. Ondo gogoan ditut hemen egiten ziren estropadak. Jende-uholdea bertaratzen zen eta isiltasuna animo oihuek hausten zuten. Niri oilo-ipurdia jartzen zitzaidan.
- Azken 9 urteetan ohitura hori berreskuratu dute.
- 70. hamarkadan arraunean ibiltzen ziren lagun talde baten ilusio eta lanaren emaitza dela diote. Eta egunkarietako lerroburuek diotenez, urrutira ailegatu dira.
- Kontxako Banderara sailkatzeko zorian egon ziren neskak, besteak beste.
- Herria urdinez jantziko zen egun hartan, ezta?
Isilik geratu nintzen. Irailaren 13a zen. Oilo-ipurdia izan nuen egun hartan, eta malkoak begietan. Barrura begiratzeko leihoak izaten dira kanpotik jasotako kritikak, balora eta txalotu dezagun herriak duen altxorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!