«Guztion osasuna hobetuko duen erreminta sortu dugu»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2016ko ots. 24a, 13:41
Argazkia: Amaia Lasa

IOMED izenaren atzean hiru lagun daude: bata enpresaria, bestea bioteknologo eta bioinformatikoa eta hirugarrena, Gabriel Maeztu tolosarra, medikuntzako azken urteko ikaslea eta datu analisi posgradua bukatzen ari dena. Software bat garatu dute medikuen lana errazteko eta, honela, kontsultetan arreta hobea eskaintzeko.

Bartzelona du bizitoki Gabriel Maeztu tolosarrak. Jaioterrian, sorkuntzarako harrak bultzatuta, GKo galeria sortzeko hazia jarri zuen. Arte hiritar garaikidea herriaren bihotzera ekarri nahi izan zuen Kim Francis eta Garikoitz C. Muruarekin batera. 2008an jarri zuten herrian gerora sorkuntzaren erreferente izango zen mugarria.

Urtebetera herritik hirira joan zen ikasketek bultzatuta, Tolosatik Bartzelonara. Medikuntza hasi zuen 2009an. Baina Bartzelonan Maeztuk sortzeko egarria ez du galdu eta itotzeko adina sormen espazio egoteak liburu artean igaro beharreko ordu luzeei arnasa eman diete, sorkuntza medikuntzan ezartzeraino.

2013an bata zuria jantzia ospitalean lanean ari zela ikusitako hutsunea betetzeko IOMED intelligent medical records enpresa sortzearen ideia jarri zuen martxan. Medikuaren lana errazten duen erreminta sortu dute, gaixoarekin duen arreta hobeagoa izan dadin. Demoa egina daukate eta dirua biltzen ari dira, produktuari azken zertzeladak egin eta merkaturatzeko.

Zer dela-eta ekin zenioten gaixoaren arreta hobetuko zukeen softwarea sortzeari?
Pazienteak medikuarenera joatean jasotzen zuen zerbitzua egokia ez zela nahikoa ikusi ahal izan nuen, lehen pertsonan, Bartzelonako ospitalean lanean aritu nintzenean. Hori aldatu beharra zegoela pentsatu nuen.

Pentsatu eta egin.
Beti pentsatu izan dut zerbait desegokia dela pentsatuz gero, aldatzeko beharra ikusiz gero, zuk zeuk hobetu dezakezula. Hori dela eta, hutsune hori ikusi nuenez, hori aldatzeko helburuarekin buru-belarri jarri ginen lanean.

Zein hutsune?
Medikuarenera joatean, medikuak ordenagailuari begira ematen du ia kontsulta guztia. Ezin dio gaixoari behar duen arreta eskaini. Ezinezkoa da. Batetik, kontsultak hamar minutuko iraupena dutelako; eta, bestetik, sistema informatikoak ordenagailuan bilatzen eta idazten denbora asko pasatzea behartzen duelako.

Sendagilearengana joango banintz, nire izen-abizenak sartuta ez zaio nire mediku-historia agertuko, laburpen moduko bat-edo?
Ez. Historia kliniko osoa aurkituko du, baina laburpenik gabe. Historia kliniko luzea dutenen kasuan, zaila da informazio garrantzitsu hori detektatzea.

Bila ibili behar du, orduan?
Bai. Errealitatea zera da: kontsultaren ia zatirik handiena medikuak ordenagailuari begira pasatzen duela. Idazten eta paperak begiratzen. Eta hori, azken bost-sei urtetan eboluzio handia egon dela, guztia digitalizatu egin baita. Digitalizatu arren, lan egiteko modua ez da aldatu. Lehengo berdina egiten da, baina ordenagailuz. Eskuz idatzi ordez ordenagailuan idazten dute. Testuak word dokumentuen itxura dute.

Horrek trabak ekartzen ditu gaixoari behar duen tratua ematerako garaian. Aldatu beharra dago.

Eta horretan ari gara. Ondo dago testu mardul horiek ere egotea, noski, momentu jakin batean behar baldin badira-edo. Baina kontsultarako, bilaketan eta idazten galtzen den denbora murriztu egin behar da. Nola? Word estiloko dokumentuak desagertuta eta informazioa era inteligentean gorde eta aurkeztu ahal izateko.

Horrela medikua pazientean zentratuko da...
Hori da. Gu medikuei historia klinikoak egiten lagunduko dion softwarea garatzen ari gara. Badaude pazientearen informazioa gordetzeko programa ezberdinak, baina gure helburua medikuari lana erraztea da, informazioa era azkar eta egokian gordetzeko. Eta, horri esker, analisi eta bilaketa garatu bat egiteko aukera izango du.

Zer da historia medikuen sortzailea?
Interfaze txiki bat ari gara sortzen. Medikuak oso gutxi idatzi beharko du, behar-beharrezkoa bakarrik. Hitz klabeak idatziko ditu, besterik ez. Eta, ordenagailuak, hitz horiek ulertu egingo ditu. Honela, ordenagailuak jakingo du medikuak luze eta zabal zer esan nahi zuen, hau da, arestian aipatutako testu luze horiek automatikoki idatziko ditu. Izan ere, medikuek modu mekaniko batean idatzi ohi ditugu testuak, eta hori ordenagailuak badakienez, bera ere gai izango da testuok idazteko.

Horrez gain, hitz gako horiek ulertzen dituenez, kapaza izango da aurreko kontsultetako kontzeptuekin erlazionatzeko. Horrela, denboran loturak egin ahal izango ditu eta gaixoaren minaren jatorria iraganean dagoela jakin, esaterako. Bilatu eta bilatu ibili beharrean, hitz bat sartzearekin hori guztia agertuko zaio ordenagailuan.

Inteligentea denez eta kontzeptuetan oinarritzen denez, idazten den guztia ulertzen al du? Hizkuntza dena delakoa izanda?
Alinguistikoa dela esaten dugu guk. Adibidez, zuk gaztelaniaz hitz egin diezaiokezu medikuari, baina berak euskaraz idatzi dezake eta arabieraz inprimatu, zuk soilik arabieraz irakurtzen badakizu.

Zuek softwarea egin duzue. Medikuek izan dute aukera hori probatzeko?
Besoz beso ari gara lanean. Produktua erakusten diegu eta beraiek erabili egiten dute, iritzia emateko eta hobekuntzak mahai gaineratzeko. Softwarea moldatzen dugu beren ekarpenen baitan. Honela, badakigu behin produktua merkaturatuta, ez diela beren egunerokotasunean oztopatuko, lagundu baizik.

Eta, oro har, zer diote?
Pila bat gustatzen ari zaie. Espero baino erantzun hobea izan du produktuak. Oso kontentu gaude horregatik. Feedback oso positiboa jaso dugu.

Medikuei gustatu zaie, baina bereziki pazienteei begirako produktua da, ezta?
Gure helburua pazientearen onura bilatzea da, medikuaren lana erraztuz. Orain ez dago horrelakorik, baina beharra badago, medikuaren kontsultara joaten garenean ez baitu astirik izaten guri behar bezala artatzeko. Ea hori aldatzeko gai garen!

Kontatutakoaren arabera, produktuaren azken zertzeladekin zabiltzatela pentsatu daiteke...
Bai. Demoa egin dugu eta orain diru bila gabiltza. Produktu konkretua bezain konplexua denez, langile gehiago behar ditugu biribiltzeko. Hortaz, diru sarrera handi bat behar dugu langileak kontratatu eta produktua bukatu eta merkaturatzeko. Hori nola egin lantzen ari gara, inbertitzaileak bilatzen ahaleginduz, esaterako, Bartzelonako Mobile World Congress-eko 4yfn deituriko ekitaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!