Nik ere zortzi abizenak euskaldunak ditut

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2014ko api. 13a, 17:55

Zer esana ematen ari da azken aldian Ocho apellidos vascos filma. Eta bai, nik ere ikusi dut. Nola ez ba, ikusi ezean badirudi gizarte honetatik at zaudela.

Horrela, herriko zinemara ekarri arte ezin itxaronda, igande arratsalde hotz batean zer egin jakin ez eta joan ginen makro zinema horietako batera. Hiru sala aukeran pelikula bera ordu berean ikusteko. Lehen bi salak beteak eta hirugarrenean eserleku gutxi batzuk aukeran. Internet bidez, aurrez, hartu genituen sarrerak, bakoitza ia 9 euro ordainduta; eta eskerrak! Jende asko eta asko sarrerarik gabe geratu baitzen. Sartu gara, bada, salara eta hasi da pelikula eta 98 minuturen ondoren amaitu. Nik, berriz, zapore gazi-gozoa ikusi ondorenean.

Gozoa, 98 minutu horiek azkar eta entretenituta pasa zitzaizkidalako, entretenituta diot, ez algaraka. Barre egiteko gogoz joan nintzen zinemara, baina pelikulak bi irribarre baino ez zizkidan lapurtu. Eta pelikularen amaieran hausnartzen jarri ondoren sortu zitzaidan sentsazio gazi hori. Umore errazeko eta topikoetan oinarritutako pelikula iruditu zait. Euskarak inongo presentziarik ez eta euskaldunon irudia erdal hiztunek ikusten gaituzten horretatik sortua. Andoni Egañak esan bezala, «pelikula hau euskaraz ez dakiten euskaldunek barre egiteko sortua izan dela dirudi».

Akaso lerrook irakurtzen ari zareten asko ez zarete nirekin ados egongo, baina benetako euskal umoreaz gozatu nahi izanez gero Potologuak ikusteko gonbita egin nahi dizuet. Ironia eta umore landuagoa duen ikuskizuna, benetan aparta, barregarria eta dibertigarria. Zortzi abizen euskaldun dituzten hiru aktoreek sortua edo ez, baina horrek zer axola dio?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!