XVIII. Olentzerotan Jakinminez aurrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2014ko abe. 19a, 08:35

Asteartean, abenduaren 16an, zabaldu zen Herriko Artisten erakusketa Batzarremuinon: Manuel Epelderen makilak, Zurine Peñagarikanoren panpinak, Roman Ganzarain eta Kike Rodrigezen egur-tailak, David eta Pablo Azurza aita-semeen margolanak, Miren Garikanoren zeramikak eta Edurne Suduperen mandalak.  Guztiak, Lierni Izagirren aginduetara herritar taldetxo batek antolatuta. Erakusketa irekieran artista gehienek bere zaletasunaren nondik-norakoak eta obraren xehetasunak eman zituzten; gero, Oihane Artola (biolina), Mari Murua (Txeloa) eta Izaro Olanok (pianoa) bere doinuekin giroa goxatzen zutelarik inguratutako jendeak obrak ikusi ahal izan zituen antolakuntzak eskainitako mokadutxoa eginez. MEREZI DU IKUSTEA JOATEAK, ETA IREKIA DAGO LARUNBAT ILUNTZERA ARTE.

Asteazkenean, abenduak 18, Udaletxean,  "Kataluina: iritsi al da ordua?" galderari erantzutea etorri zitzaizkigun Dani Soler (Bartzelona) eta Carle Belda (Sabadel). Katalan euskalduak biak, euskaraz partekatu zuten beren ikuspegia inguratu ziren 16 herritarrekin; independentzia, estatua, hizkuntza ... Ikuspegi desberdinetatik ukitu zuten gaia eta ordu eta erdiko solasaldi aberatsa izan genuen, bertaratutakoekin iritziak eta ikuspegiak trukatzeko tarte zabala aprobexatuz. Gehiago dakigu orain Kataluinaz eta geutaz.

Atzo, osteguna, Eider Olazar, Kontzejuko Maixabelen alaba, etorri zen gurera. Bere ama jaiotako etxe berean hitz egin zigun Indarkeria sexistaren aurpegiez. Hainbat bideo ikustarazi eta gero, eguneroko gure jarrera eta portaeretan ageri diren gauzen aurrean aldeko, kontrako edo zalantzan gauden galdetu zigun bertaratu ginenoi parte hartzera gonbidatuz. 21 lagun elkartu ginen, neskak, mutilak, gazteak, helduak ... denetik. Oso dinamikoa izan zen jardunaldia eta bertaratuen parte-hartze maila, kantitatez zein kalitatez, aberatsa. Eiderren galdera eta gonbiteei irekitasun eta konfiantza handiz erantzuten saiatu ginen saioak iraun zuen ordu eta erdian. Ez da xamurra geure ispiluari begiratzea, askotan ez zaigu gehiegi gustatzen ikusten duguna, baina ziur, han ginenak, pertsona hobeak garela gaur atzo baino.

Gaur Loatzoko musikari gazteen txanda izango da, 18:00etan, Elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!