Festa jarri eta bizi

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2015ko uzt. 28a, 16:40

Larunbatean arratsalde-gau festa giro polita eduki genuen herrian, etorriko direnen atariko.

Hamasei, zortzi, lau, bi ... Azkenean, 80 urtez goiko gizon helduak (Bordabrriko Joxe eta Toki Alaiko Joxemari) eta 16-17 urteko gazteak (Ander eta Aitor) musean, oilasko parea eta botella txanpainak nork eraman. Helduaren zuhurtzia eta gaztearen ausardia parez pare. Hori izan zen finalak eskaini zigun argazkia: enbido, bost gehiago, hordago! Jokoan fin ari zirenek ez zuten izango hori buruan, baina adin tarte horiek mahai berean ikusteak sentimendu eta aldarte berezia sorrarazi zigun begira geundenoi.

Eta ondoan, Frontoi Zaharrean, 12 bikote nor baino nor pilotan. Denak nahi festetako finaletan zuriz jantzi eta pilota festa jartzea, begira geundenon gozamenerako. Jokatzekoak jokatuta, hauek izango dute zoria: txikienetan, Mikel Olano-Mauro Bach eta Mikel Iturrioz eta Markel Lizarribarrek; gaztetxoetan, Andoni Iturrioz-Haritz Estebanek eta Peru Azurtza-Iker Zubeldiak;eta helduetan, Joanes Olano-Mikel Artolak eta Jon Irizar-Unai Mujikak.

Herriko plazan afari mokadua eginda, hamar eta erdietarako frontoi berrira, Allur taldeko dantzarien ikuskizuna bizitzera. Berrogeita hamar bat dantzari, horietatik berrogeita bi-edo herritarrak, haur eta gazte. Ordubete-beteko ikuskizuna eskaini ziguten, ederra eta hunkigarria. Argiak eta jantziak, soinuak eta kantuak, irriak eta kinu urduriak, eta guztien gainetik hanka-joko arin eta jauzi armonia. Meritua dute dantzariek, Allurrekoek eta hau izatea ahalbidetzen duten gurasoek eta Udalak.

16, 12, 42, ... Festa jarri eta bizi.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!