Nitasuna = osasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2014ko uzt. 20a, 16:52

Konturatu ere egin gabe egiten dugu, baina askotan egiten dugu; nitasunetik ez baino, gutasunetik  hitz egiteko joera ikaragarria dugu («Erraz mozkortzen gara», «Abertzaleok horrela pentsatzen dugu», «Amorrazita gaude»...). Entzuten dugun horretan arreta pixka bat jartzea nahikoa da horretaz konturatzeko. Zergatik egiten dugu, ordea? Zergatik hitz egiten dugu gutasunetik?

Gutasunetik ez baino nitasunetik hitz egingo bagenu, geure burua are gehiago ezagutzeko aukera izango genuke. Nitasunetik hitz egingo bagenu, sentitzen, pentsatzen eta egiten dugun horren gaineko ardura hartuko genuke. Bestela esanda: gutasunetik ari garenean, askotan behintzat, sentitzen, pentsatzen eta egiten dugun hori beste askori ere gertatzen zaiela adierazi nahi izaten dugu. Horrek, inkontzienteki bada ere, nolabaiteko babesa ematen digu.

Gutasunetik aritzeak sentitzen, pentsatzen eta egiten dugun horren erantzukizunik ez hartzea dakar. Askotan, geure emozio eta sentimenduez hitz egitean (desatseginak direnean, are gehiago!) gutasunetik egiteko joera dugu, ez baita erraza izaten horiek zuzen-zuzenean gure baitan onartzea. Hala, beste baten pertsonan jarrita, errazago onartzen ditugu («Zurekin nazka-nazka eginda gaude», «Irakasleok minduta gaude»...).

Zuek ez dakit, baina nik behintzat, hemendik aurrera, nitasunetik hitz egiten hasi nahi dut, nitasunetik bizitzen! Izan ere, horrela eginda bakarrik izango zait posible benetan sentitzen eta pentsatzen dudan horren arabera jokatzea eta, beraz, gusturago, etsipen gutxiagorekin bizitzea.

Zer? Inor animatzen al da nitasunetik sentitu, pentsatu eta egitera? Inor animatzen al da gutasunak ematen digun babes hori gabe bizitzera?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!