Festak, festa baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko uzt. 20a, 17:45

Uda aurrera doan heinean herri eta auzoetako festak biderkatuz doaz baita gure eskualdean ere, eta gutxi izango dira alaitasunaren eztanda horrek harrapatu eta aztoratuko ez dituenak. Zer ote dute jaiek, galdetuko du batek baino gehiagok. Gauza asko esango nuke nik. Aspaldian ikusi gabeko lagun, auzokide, herritarrekin elkartzeko aukera. Egunerokotasuneko erritmoa albo batera utzi eta ordutegia iraultzeko momentua. Norberaren herri edo auzoko partaideago sentitzeko egunak, komunitatea eta taldea indartu eta kohesionatzeko egunak eta gure herri edo auzoaz harro sentitzeko egunak.

Ezin uka festek badutela kontsumo eta ludikotasun hutsera mugatzeko arriskua baina ematen dute ere trasgresiorako eta balio askatzaileak indartzeko aukera. Izugarria da gure herrian jai herrikoien alde sortzen ari den herri mugimendua, hiriburuetako adibideak ikusi besterik ez daude eta gertuena gurean Donostiako Piratena. Kontxa abordatzen hasi eta herritar askoren kontzientziak iraultzeraino. Izan ere, jaien bueltan, antolakuntzan, elkarrekintzan sortzen den giro berezi horrek indar handia du, eta gurean nagusitzen diren joera eta balioak eraldatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute. Jaiak ere izan daitezkeelako eraldaketarako tresna, egungo gizarte eredua aldatzeko giltza. Izan ere, gure herrietako festak gure gizartearen isla dira, gu garena modu publiko eta kolektiboan kaleratzeko egunak. Eta hain gustuko ez ditugun aspektuak ere indar handiagoz azaleratzen dira festen bueltan, eraso edo jarrera sexisten kasuan esaterako. Zergatik ez baliatu bada festak gustuko ez ditugun aspektu horiek aldatzen joateko?

Jai parekideen lanketa gero eta herri eta auzo gehiago zipriztintzen ari da. Mugimendu feministak abiatutako lanketa hamaika eremutara zabaltzen ari da eta kasu honetan Tolosako Udalak hartutako konpromisoa jarri nahiko nuke mahai gainean. Farapi elkartearen laguntzarekin hainbat tailer egin dira eta egingo dira, Tolosako jaiak parekideagoak izan daitezen hausnarketa egin eta proposamenak mahai gainean jartzeko. Ze, Irun eta Hondarribiko alardeak jar genitzake nahi ez dugunaren adibidetzat, baina beste eskala batean inor gutxi libratzen dela esango nuke, ez eta Tolosa ere, tailer horietan ederki ikusi dugun bezala. Ez da erraza “maite dugun hori” eta hain sustraitua duguna aldatzea, normalean tradizioarekin hertsiki lotuta joan ohi dena. Baina tradizioak bizirik mantendu nahi baditugu garaietara egokitu besterik ez dute, ze bestela hor ditugu museoak. Tradizioak testuinguru eta garai jakin batean sortuak eta eraikiak izan direlako eta eraikia den oro deseraiki daitekeelako beste era batera berreraikitzeko. Eraldaketa festetatik ere has daitekeelako.

A, eta ez ahaztu ondo pasatzeaz! Uda on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!