Deitu erleei zabal dezaten

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2014ko ira. 14a, 12:00

Deitu erleei zabal dezaten uda bere azkenetan dela baina eguzkiak ez duela amore eman nahi aurtengoan eta eskertzen dugula.

Deitu erleei opor garaiko patxada ordezkatu dutela egunerokotasuneko eginbeharrek etxe askotan, iratzargailuak hasi duela bere goizeroko errutina eta lanera joan beharrak baino lanera joan ezinak kezkatzen dituela gero eta herritar gehiago.

Deitu erleei zabal dezaten ikasgelak etorkizunez betetzen hasiak direla, LOMCE bezalako mamutzarren eta herriko etxeren bat edo besteren mehatxuak gainean direla, hori bai.

Deitu erleei zabal dezaten berriz ere plastiko beltzak atera dituztela kalera baina gero eta emakume zein gizon gehiagoren musika eta irribarreak entzuten direla karriketan.

Deitu erleei zabal dezaten mundu erdia gudan dagoela, gugandik gertu ere lehertu dela baina gure herriak aspaldian ekin ziola beste bide bati.

Deitu erleei zabal dezaten gurea bezala badirela euren bide propioa egin nahi duten beste herri batzuk ere eta herritarren nahiak hiriburuak txiki ere utzi dituela.

Deitu erleei zabal dezaten beste urte batez segidan inbidia pixka bat ere sentitu dugula herrialde bizilagunari begira jarrita eta begiratzen pasako dugula hilabetea gureari begira jartzeko ondoren edo bitartean.

Deitu erleei zabal dezaten udako amets eder bat bezala joan zarela, bat-batean, ohartzerako, eta udako oroitzapenek uzten duten zapore gozo hori utzi diguzula barrenean eta gure artean.

Deitu erleei zabal dezaten zure argazkia ikusi eta zure jarrera, zure ahotsa, zure hizkera, zure hizkuntza datozkidala. Deitu erleei zabal dezaten indarra, grina eta bizipoza sentitzen ditudala eta oso zaila izango dela zure bizi gogoa itzaltzea, oso barruan geratu zaizkigulako, zaizkidalako.

Deitu erleei zabal dezaten bizitzak aurrera jarraitzen duela eta bakoitzak gure eremutik segiko dugula lanean zuk nahiko zenukeen bezala Euskal Herri euskalduna, eta gehiago, lortze bidean. Deitu erleei zabal dezaten hala egingo dugula, ez izan zalantzarik.

Erleek jakingo dute hori egiten.

Agur eta ohore Inaxio. Besarkada bat Itziar, Eneko eta Oihana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!