Euskara izango du zure umeak lan tresna

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Eizagirre Kerejeta 2014ko api. 13a, 17:50

Hainbat herritako parkeetan hainbat gurasori entzundakoa: «Nahiko euskara badakite lehendik ere gure umeek, euskara erabiltzeko eta erabiltzeko matraka ematen digute irakasleek baina erdara taxuz ikasiko dute?». 7-8 urterekin darabilten euskara, «nahikoa» omen. Gauza bera esango lukete matematikaz, zientziaz... baita kirolaz ere? «Hainbeste gehiketa eta kenketa, 8 urterekin nahikoa matematika dakite honezkero munduan barrena ibiltzeko!» edo «irakurtzeko eta irakurtzeko? TEO primeran kontatzen du nireak!». 7-8 urterekin bada haurrik udaletxeko inprimakirik betetzen duenik? Astekari hau edo euskarazko eleberri zein saiakerak irakurtzeko gai denik? Telebista edo irratietan ekonomiari buruzko albisteak ulertzen dituenik? 7-8 urterekin dakigun ume euskara nahikoa da... zertarako? Umeen mundua (ume hizkuntzaz adierazia) bizitzeko, ez behintzat helduen bizitzan adierazteko moduko hizkuntza bat garatzeko.

Mila esker Urkijo, helegiteak jarri eta jarri diharduzulako, Tolosaldeko 15 herrik kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatu izanaren kontra. Erakunde guztiek euskararen aldeko neurriak hartzea ezinbestekoa dela gogorarazten diguzu. Kanpoko Urkixoteak errazago ikusten ditugu gure baitako Santxopantza irteerak baino. Horra hainbat herritako parkeetan erantzun dakiekeena gurasoei: «Gure umeek euskaraz lan egingo dute eta ahalik hobekien prestatzeko bidaltzen ditugu eskolara. Ikasi dezatela euskara teknikoa, jasoa, lagunartekoa, hika, poetikoa, garaikidea, antzinakoa... gure umeek funtzionario (mediku, suhiltzaile...) edo famatu (kirolari, telebista aurkezle, bertsolari) izan behar dute eta!». Ez al da bada hori hizkuntza guztietako gurasoon ametsa?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!