Dantzaz gozatzen, taularen alde banatan

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Igartua 2016ko urr. 14a, 11:23

Bihar, Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko dute Seguran. Iazko irabazleek ez ute batera parte hartuko. Lierni Kamiok, lehen aldiz, publikotik biziko du txapelketa. Iker Sanzek, berriz, Ane Urruzolarekin hartuko du parte.

Futbolari batentzat sekulakoa izan daiteke Munduko Txapelketan parte hartzea. Mendian korrika ibiltzen denak Zegama-Aizkorri edo handiagoren bat izango du buruan. Txirrindulariek Frantziako Tourra. Eta… dantza sueltoa egiten dutenek? Zein da haien gailurra? Bada, seguruenik, Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Bihar jokatuko da, Seguran, 18:00etan. Aurten, gainera, 40. urteurrena du txapelketak. Hamar bikote lehiatuko dira, jantzi dotoreak soinean, txapela lortzeko ahaleginetan.

Preziatua da euskal dantzarien artean Segurako txapelketa. Iaz, Iker Sanzek (Lezo, 1994) eta Lierni Kamiok (Villabona, 1995) izan zuten txapela janzteko ohorea. Seigarren urtea zuten batera aurkezten zirena, baina lehena garaipena lortzen. “Sorpresa” izan zela adierazi du Sanzek, ez zutela espero. “Euskal dantzan irabaz daitekeen txapelketa garrantzitsuenetako bat da”.

Euskal Herri mailan egiten den dantza sueltoko txapelketa bakarra da Segurakoa, eta horrek egiten du hain berezi. “Denok urduri joaten gara: ETBk grabatu egiten du, jende asko izaten da…”, esan du Sanzek. Baratze pilotalekuko publikoaren eta telebistaren aurrean, lau minutu eskasetan, urte osoan egindako lana erakutsi behar izaten dute dantzariek. “Ardura handia da”, Sanzen hitzetan.

Handia da ardura, baina baita saria ere. Kamioren ustez, urte osoan Euskal Herriko txapela lortzeko lan egin ondoren handia da Seguran irabazle suertatzea. “Txapelak aukera eman zidan sinesteko urtean zehar gogor lan eginez gero posible zela irabaztea”, adierazi du Villabonakoak. “Neure buruari jarritako helburu bat betetzeko aukera eman zidan”.

Iazko irudia ezingo da errepikatu bihar. Izan ere, Kamiok txapelketak uztea erabaki zuen Seguran txapela jantzi ondoren. Sakrifizio handia eskatzen dute txapelketek. Azarotik urrira, orduak eta orduak egiten dituzte dantzariek, bikotearen aurrean jarri eta pausoak entseatzen. “Zortzi urte neramatzan txapelketetan, eta uzteko momentua zela pentsatu nuen”. Beste esperientzia batzuk bizitzeko denbora hartzea erabaki zuen, eta azken urtebetean Korrontzirekin dabil biran. “Washingtonen, Hungarian eta Ingalaterran izan naiz Korrontzirekin, besteak beste; txapelketetan jarraituko banu ez nuke posible izango hainbeste bidaiatzea”. Hortaz, hartutako erabakiarekin gustura dago.

Publikoan, baina urduri

Aurten, lehen aldiz, Kamiok beste aldetik biziko du Segurako txapelketa: publikotik. Inbidia pixka bat pasatuko duela badakien arren, txapelketa publikotik bizitzea zer den jakiteko gogoa ere badu. “Beti pentsatu izan dut: ‘Zer sentituko da publikoan?'; aurten hori jakiteko aukera izango dut”. Dantzarik egin ez arren, nerbioak izango dituela adierazi du Kamiok. Eta, noski, ilusio berezia egingo liokeela Sanzek irabazteak.

Sanzek aurten beste bikotekide batekin parte hartuko du: Ane Urruzolarekin. Villabona herria ordezkatuko dute, hangoa baita Urruzola. Sanzentzat, zortzigarren txapelketa izango da, eta oraingoz ez du txapelketak uzteko asmorik.

Dantza barru-barrutik bizi du Sanzek. Kamiorekin batera, Oinkari dantza taldeko kide da. Horrez gain, Haatik konpainiarekin dantza egiten du, eta iaz Tio Teronen Semeak taldea sortu zuen beste kide batzuekin. “Niretzat bizio bat da dantza emanaldietara joatea eta publikoaren berotasuna jasotzea”. Orain arte egin duen dantza ibilbidearekin gustura dago Sanz. 4 urterekin hasi zen dantzan, eta 8rekin txapelketetan. Oraindik gogoan du lehena, Altsasun (Nafarroa) jokatutakoa. Ordutik, 21 txapel jaso ditu. Besteak beste, Euskal Herriko Aurresku Txapelketa irabazi berri du. “Ez nuen uste nire dantza ibilbidea hain oparoa izango zenik”.

Dena den, hala Sanz nola Kamio bat etorri dira dantza txapelketetan aritzeak eskatzen duen sakrifizioarekin. Denboraldi bete-betean, astean lau edo bost aldiz egiten dituzte entseguak, beharraren arabera. Hainbeste ordu bata bestearekin igarotzeko, noski, beharrezkoa da bikotekideen arteko harreman ona. “Ongi konpondu ezean, entseguetara joateko gogorik ere ez duzu izango”, esan du Kamiok. “Gainera, epaimahaiak baloratu egiten du bikotearen konplizitatea ere”. Izan ere, dantzarien arteko harremana nolakoa den, segituan antzematen du ikusleak. “Publikoari transmititu egin behar zaio, eta inbidia pixka bat sentitu behar dute, gure lekuan egoteko gogoa piztu behar zaie”, esan du Kamiok.

Biharko saioan ez dira bikote izango. Oholtzaren alde banatatik biziko dute txapelketa. Hala ere, izango da bien arteko konplizitate begiradarik, eta biek gozatuko dute dantzaz. Sanzek, agian, berriro jantziko du txapela. Kamiok esan bezala, “irabaz dezala ongien egiten duenak”.

Egun osoko egitaraua prestatu dute biharko, Seguran:

10:30. Kaleak musikaz alaituko dituzte.

11:30. Topaketa nagusia plazan, eta Azpilla dantza taldearen erronka: Seguran inoiz ezagutu den polka jendetsu eta erraldoiena baietz! Ondoren, dantza taldeen kalejira herrian.

13:00. Zango taldearekin, dantza plaza gidatuak.

13:30. Herri bazkaria karpan (txartelak erosi behar dira) .

15:30. Zango taldearekin, dantza plaza gidatuak.

17:15. Kalejira plazatik Baratze pilotalekura.

18:00. Euskal Herriko 40. dantza txapelketa, Baratze pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!