Zoriontasuna (II): 99 efektua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2015ko api. 19a, 10:30

Aurreko zutabean norbere zoriontasuna, norbere kolorearekin alderatu nuen: bakoitzak berezko kolorea dauka eta bizitzako gertaerek kolore hori argitu edo ilundu egiten dute.

Kolore hori kulturak ere ezartzen digula aipatu nuen eta gaur, aurrekoan esan nuena aberasten duen ipuin batekin nator (nik Alejandro Jodorowsky txiletarrari entzun nion):

Errege ernegatuta zebilen, berak hainbeste diru izan arren zoriontsu ez zelako eta aldiz, bere zerbitzari xume bat, ezer gabe baina zoriontsu zelako. Gazteluko jakintsuari galdetu zion. Honek, 99 urrezko txanpon eskatu zizkion erantzunaren truke. Erregek 99 urrezko txanponez betetako zakutxo bat eman zion. Jakintsua Erregerekin jaitsi zen herrira urrezko txanponez betetako larruzko poltsarekin. Jakintsuak poltsa herriko lehen etxearen atarian uzteko agindu zion Erregeri, atea jotzeko eta ezkutatzeko.

Esandakoa bete zuen Erregek. Etxejabea atera zen eta larruzko poltsa ikusi zuenean, hartu eta etxera sartu zen. Urrezko txanponez betea zegoela ikustean pozez txoratzen jarri zen banaka kontatzen: 1, 2, 3… 99. Zerbaitek huts egiten zuen nonbait eta berriro kontatu zituen: 1, 2, 3… 99.

Etxejabea urduritzen hasi zen eta etxe guztitik barrera hasi zen egiazki existitzen ez zen 100garren txanponaren bila.

99 txanponez gozatu ala 100garrena bilatu, zer da egin behar dena? Bakoitzak izango du bere erantzuna. Baina, jakizu, benetan ematen duzun erantzuna ez dela ahoz esaten duzuna, egunerokotasunean egiten duzuna baizik.

Datorren zutabean, zoriontasunaren hirugarren partean, ilunari aurka egin gabe argira heltzeaz hitz egingo dut.

Bitartean, ondo bizi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!