Egiaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2015ko uzt. 26a, 09:42

Egunero eztabaidatzen dugu. Egunero gaude gure iritziak trukatzen, batzuetan gure iritzia bestearen gainetik jarri nahian, eta besteetan bestearekin hitz eginez gure uste edo iritzia zorroztu nahian. Hori guztia egiaz jabetzeko egiten dugu. Baina, posible al da? Ba al dago egia objektiborik?

Egia ziurtasunera heldu izanaren ustea besterik ez da. Egia sentimendu bat da, uste bat, sinesmen bat. Ez besterik. Egia ez da lortzen, sinetsi egiten da.

Egia ez da gertatu diren gertakari guztien multzoa. Egia ez da Expediente X telesailean zioten bezala, hor kanpoan dagoen zerbait. Egia ustea besterik ez da.

Beraz, isildu egin behar al dugu? Ez. Orain arte bezala jarraitu behar dugu, baina kontziente izanez gure usteak uste soilak direla, eta beti hala izango direla.

Egia bizipenek ematen digute, esperientziek eta sentimenduek. Sentimenduak ere egia dira. Eta gauza berak, ekintza berak, zuri eta niri sentimendu ezberdin bat sortzen digu. Biok gauza beraz, ezberdin pentsatzen dugu. Nire esperientziatik abiatuta egia bat eraikitzen dut, zuk zure esperientziatik abiatuta, beste bat. Zein da bestea baino egiago? Inor ez.

Apaltasuna behar dugu. Aho txikiz plazaratu behar ditugu gure egiak. Gure ustea paparra puztuta lau haizeetara zabaltzearen ideia hori ez dut atsegin.

Halere, egia eraikitzeko dabilzkigun ustezko oinarriak, sendoagoak izan daitezke, ala ez. Egia hobeto eraikita egon liteke, ala ez. Baina, haizeak ez du beti eraikinik ahulena botatzen. Eta baliteke, uste okerren gainean gaizki eraikitako egiak luzaz irautea, eta uste sendoen gaineko egia lurrera erortzea.

Eta banoa udaz gozatzera, egiarik ez dagoenaren egia besapean hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!