Harria. Papera. Guraizea

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2016ko ira. 23a, 13:54

Harria. Papera. Guraizea. Zein indartsuena?

Bada, txanponaren bi aldeak erabakietarako uzten dituenik. Ez baitzaigu gustatzen erabakiak hartzea. Erratzeko beldur garelako. Baina erraza da horrela: gustuko aukera ateratzen ez bada, markagailua zeroan jarri eta berriz ere saiatuko gara.

Baina honek, ez du beti funtzionatzen. Batzuetan, gure esku hartu behar ditugu gauzak, eta gure baitan, ardura. Alegia, zorte eta destinuari desafioa botatzeko ausardia behar dugu izan. Zapata zaharrei zola berriak jarri eta erabakiak konbentzimenduz hartzeko konpromisoa behar dugu. 4 hostoko trebolek, ez baitaukate zentzurik.

Eta hala egingo dugula ziurtatzeko ditugu ezpainak. Sinbolo eta metaforetan, indartsuenak. Ezpain gorriak. Ai, zenbat konta dezaketen ezpain gorriek! Amagoia Mujikak idatzi bezala, ez direlako estetika kontua; jarrera kontua baizik: “zure pausajea erabakitzeko ariketa kontzientea dira; nolako herria zapaldu nahi duzun eta nolako pausoz izan nahi duzun herritar.” Indarra dira, segurtasuna.

Eta irria, bere sintoma. Lana serio egiteko irribarre bat janztea bezalakorik ez dagoela, dio Amagoiak. Eta ez zaio arrazoia falta. Irria hizkuntza ofiziala baita. Eta ez, hori bai ez digutela kenduko bideo polemikoak egiten badituzte ere. Ezta ilusioa, edo konfiantza ere.

Kanpaina politiko etengabea zeharkatu beharko dugu. Tranpa dialektikoak. Belarrian min ematen duten ergatiboak. Lezio magistralak. Soberan dauden “egin” eta “milloak”. Heroiak. Iritzi talkak. Eta bla bla bla. Guaikeria lar.

Molestia dirudi gure hizkuntzak, eurentzat. Baina gu gara lotsatuta sentitzen garenak. Ni, Musa Anter idazle kurduak esandako honekin gelditzen naiz: “nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, zure estatua nire lurrean eraiki duzula esan nahi du”.

Zuk, agian, politika interesatzen ez zaizula esango duzu. Edo ez duzula ulertzen. Baina izan argi: hartzen duzun erabaki bakoitzaren atzean egongo da politika. Denok gara politikaren biktimak. Bai politikaren erantzule, behintzat. Zentra gaitezen, beraz. Kanpainaren morboak ez baikaitu gidatuko; bai berriz, politikak berak. Xahutu dezagun energia ganorazko kontuetan.

Hankak lurretik altxata hasten delako ekilibrioa izaten. Baina hankak lurrera bueltan ekarrita hasten da ekilibrioa ulertzen. Garrantzitsuena ez da nora joan nahi duzun. Garrantzitsuena, zauden tokian ondo ote zauden jakitea baita. Bestela, mugitzeko garaia da.

Erabakia zeurea da. Ni, harria edo guraizea dauzkanarekin ez naiz ziurrenik ausartuko. Baina ez dezagun, mesedez, paperaren indarra subestimatu.

Irriz eta ezpain gorriz erabakiko dut nik Igande honetan. Sentimenduez baino gehiago, eskubideez ari garelako. Nire erabakia, erabakitzen utziko didatenentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!