Kale Kantoitik

Udazkena kuantitatiboki

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2016ko urr. 13a, 12:25

Hotzaren zantzu urri urriko lehenetan. Urtaro berriak bete ditu 22 egun, baina ez dut nik behintzat atzo arte sentitu. Artekale ezizeneko Kale Nagusira sartu eta berehala nahastu zaizkit sentipenak: hortxe, begi bista bakarrean, udazkena eta euskara.

Eta zenbat sentitzen den udazkena, Tolosako Alde Zaharrean! Gaztainak erretzen dituen emakumea, goiz etxeratu direnen argi horien isladak putzuetan, kea ahotik dariola dabilen umea, sudurra gorrituta bestea..

Hotza aitzaki hartuta emandako besarkadak gustuko ditugu. Lehenengoz bufanda janzten duguneko zirrara, igandeetan zinemara joateko plana, ohetik ateratzeko gogo eza, berriz ere sartzeko plazerra..

Eta xirimiria. Baliabide erosoa, kexurako.

Xirimiria zerutik, eta xirimiria hormatik zintzilik ikusi dut orain, beste hainbat hitzekin batera kalea apainduz. Euskara, arte txiki bat dela erakutsiz. Baina udazkena xirimiria bezain zaila den bezala, euskara bezain ziurgabea ere badela erakusten digu.

Gaur kalefakzioa jartzen dugulako bihar berriz ere kamiseta tiradunak janzteko. Udako arropak armairuan gordeta uzten ditugu, negukoarekin nahastuz, badaezpada ere. Inoiz ez ditugu guztiz aterako, eguzki izpi bakarrak aldatuaraziko gaitu.. Bipolarrak garelako. Udazkenari dena zor, eta aitzakia gutxi behar, udarari keinu egiteko. Euskarari dena zor, eta arrazoi gutxi behar, erdarari keinu egiteko..

Udazkenaren alde zakarra ikusten dugu xirimiri egunetan. Haserretu egiten gara, egunak azkarrago kontsumitzen zaizkigulako, eta zuhaitzak hostoak galtzen ikusten ditugulako. Oroitu gabe, udaberriaren indarrarekin berriz ere jaioko direla. Inoiz baino berdeago eta osasuntsuago. Ziurtatuta daukate etorkizuna.

Ez berriz, euskarak. Horregatik diogu beldur euriari. Are gehiago, bustitzeari. Baina erremediorik ez. Xirimiriak euskara bustitzen digula badakigu, baina kalera aterkirik gabe ateratzen jarraitzen dugu. Ekaitza dakarren hodeiari putz egin beharko genioke, ordea. Udazkenetako xirimiri iluntzeak goxotzeko zaintza behar da; maitasuna, konpromisoa.

Eta hostoek egiten duten berdina egiten lagundu behar diogu guk euskarari. Altxa, eta indartuta haziarazi. Euskara, udazkena bezain autentikoa delako. Metaforetatik haratago, har dezagun asuntua kuantitaboki. Ezingo dugu erabaki zenbat hosto botako dituen udazkenak, edo xirimiriak. Baina bai, zenbat pertsona dituen irabazteko euskarak, eta zenbat pertsonek dugun irabazteko euskara.

Kaleak bakarrik ez, bizitzak ere apaindu diezazkigutela bai udazkenak eta bai euskarak ere. Hostoak lurrean izango ditugu bidea markatzen, krix krax-ak sortzen digun zirrararekin aurreruntz egin dezagun. Xirimiri honek, irtenbide bakarra dauka: erabiliz, babesa ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!